Done Laurendiren malkoak
Ostiral gaua izango da Pertseidak ikusteko gaurik aproposena
Agentziak | Erredakzioa
Orduko 500 meteoroko maiztasunarekin zeharkatuko dute zerua izar iheskorrek.
Pertseidak edo Done Laurendiren malkoak ostiral honetan, abuztuak 12, ikusi ahal izango dira argien, eta, aurreko urtekoekin alderatuta, aurtengo izar iheskorrak bost aldiz biziagoak izango dira. Eguraldiaren iragarpenaren arabera, zerua oskarbi egongo da. Horrenbestez, ostegunean bezala, izar-jasa ikusteko aukera paregabea egongo da ostiral gauean.
Urtero ikus daitekeen fenomenoa da. Sasoi horretan, ‘Swift-Tuttle’ izeneko kometak utzitako hautsa zeharkatzen du Lurrak. Meteoro txiki horiek abiadura handian sartzen dira atmosferan, eta, ondorioz, izar iheskorrak sortzen dira.
Orduro 100 meteoro ikusi daitezke normalean, baina zientzialariek egin dituzten iragarpenen arabera, aurtengo Pertseidak biziagoak izango dira. Horrela ba, orduko 500 meteoro inguru ikusi ahal izango direla iragarri du Andaluziako Astrofisika Institutuak (IAA-CSIC).
Swift-Tuttle kometa 133 urtetik behin hurbiltzen da Eguzkira, eta bertatik gertu igaro zen azken aldia 1992ko abenduan izan zen. "Lurrak horren orbita zeharkatzen duen bakoitzean, Swift-Tuttle kometa berotu egiten da eta hauts partikulak uzten ditu bere atzetik”, azaldu du Alejandro Sanchez ikerlariak.
Kometak uzten dituen hauts partikula horiek oso txikiak dira, eta askok harea-pikor baten tamaina dute. Hala, Lurrarekin topo egiten dutenean, 210.000 kilometroko abiaduran sartzen dira lurrazaleko atmosferan.
Talka horrek, segundo batean 5.000 gradutara hel daitezkeen muturreko tenperatura altuak eragiten ditu. Arrazoi horregatik, atmosferan sartutako hauts partikulak desegin eta argi-distirak sortzen dira (izar iheskorrak).
Izar-jasak ikusteko aukerak
Orokorrean, Pertseiden izar-jasarekin gozatu ahal izateko toki ilun bat aukeratzea komeni da, baina ilargiak behaketa hori oztopatuko du aurten. Horrenbestez, Done Laurendiren malkoak ikusteko aholkuak ematen dituzten giden arabera, abuztuaren 12tik 13ra bitarteko gauean, goizaldeko 02:00etatik aurrera, izango da izar iheskorrak ikusteko unerik onena.
Pertseidak ikusteko ez da teleskopiorik edo bestelako tramankulurik erabili behar, gure begiekin nahikoa da. Lekurik aproposenak hiriguneetatik eta herrietatik urrun daudenak dira.