Itxi

Probak

Zika birusari aurre egiteko txertoa gizakietan probatzen hasi dira

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

18 eta 35 urte bitarteko 80 boluntariok parte hartuko dute probaren lehenengo fasean. Halaber, 2017ko urtarrilean ezagutuko dira ikerketaren emaitzak.

Eltxo batek transmititzen du Zika birusa. Argazkia: EFE

Alergien eta Gaixotasun infekziosoen AEBtako Institutuak (NIAID) iragarri duenez, osasuntsu dauden boluntarioekin probatuko dute Zika birusari aurre egiteko garatu duten txertoa. Modu horretan, gaixotasuna gorputzetik ezabatzeko aukerarik dagoen ikusi eta txertoa gizakiengan eraginkorra ote den jakingo dute.

Anthony S. Fauci-k, NIAID-eko zuzendariak, azaldu duenez, “honakoa Zika birusak haurtxoei eragiten dizkien malformazioak eta gaitzak saihestu ditzakeen txerto eraginkorra eta segurua da”. Alde horretatik, animaliekin egin dituzten probetan “oso emaitza pozgarriak” lortu dituztela gaineratu du.

Proba aurrera eraman ahal izateko osasuntsu dauden 80 boluntarioren laguntza dute ikertzaileek. Halaber, entseguan parte hartzen duten gazteek 18 eta 35 urte bitartean dituzte, eta ikerketaren lehen emaitzak 2017ko urtarrilean ezagutuko dituzte. Gainera, txertoa eraginkorra dela frogatuko balitz, probaren bigarren fasea ipiniko lukete martxan, urte horretan bertan. Horren bidez, birusa endemikoa den herrialdeetan jardungo lukete.

Ikerketaren lehenengo fasean, boluntarioak lau taldetan banatuko dituzte. Talde bakoitza hogei lagunek osatuko dute, eta izena eman ostean, txertoa jarriko diete. Esan beharra dago  ziztadarik gabeko txertoa izango dela.

Dagoeneko, mundu osoko 50 herrialdeetan hedatu da Zikaren birusa, eta, AEBn, 6.400 kasu baino gehiago diagnostikatu dituzte azken hilabeteotan. Askotan ez dira sintomak nabaritzen, baina pertsona batzuk sukar arina, ondoeza edo buruko mina izan dezakete.

Hala ere, gaixotasuna haurdun dauden emakumeen kasuan izan daiteke larria. Izan ere, fetua hil egin daiteke edo malformazioak izan ditzake.

Halaber, egun, ez dago txertorik gaixotasunaren aurka, eta gizakietan probatuko duten txertoa eraginkorra izanez gero, urte batzuk joango dira oraindik txertoa merkatuan egoteko. John Mascola NIAIDeko ikerlariaren arabera, "lan handia" egiten ari dira dena ondo atera dadin.

Albisteak (3)

Informazio gehiago (1)