Gertakaria
Leherketa batek hildako bat utzi du Tuteran
E. Lotina | eitb.eus
Hedatze-uhinak kalte handiak egin ditu Fuente Canonigos kaleko etxebizitza baten hiru solairutan. Eraikina hustu dute. Leherketak fatxada behera bota du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Tuterako Fuente Canonigos kalean, leherketa bat gertatu da, eta ondoren sutea, 04:49 aldera. Ezbeharrean, 43 urteko gizon kolonbiar bat, Fredy Osma Gonzales, hil da. Gertakaria etxebizitza bateko lehen solairuan jazo da, Nafarroako Gobernuak agiri batean jakitera eman duenez.
Hasiera batean, senar-emazte gazte batzuk eta haien semea desagertutzat eman dituzte, hirurak etxebizitzako maizterrak, baina geroxeago emakumea eta umea onik atera direla baieztatu dute.
Gas leherketa bat izan dela baieztatu du Jose Angel Andres Tuterako jarduneko alkateak Radio Euskadin, baina arrazoiak ikertzen ari direla erantsi du.
Zauritu larririk ez dagoela baieztatu du. Tuterako 3. epaitegia gertakaria ikertzen ari dela gaineratu du zinegotziak.
Kalte handiak
Hedatze-uhinak kalte handiak egin ditu hiru solairutan. Gainera, emakume bat arin zauritu da leherketaren ondorioz. Zauritua Sofia Erregina ospitalera eraman behar izan dute.
Bestalde, etxebizitza hustu dute. Leherketak fatxada behera bota du, eta txintxorrak kalera erori dira. Bost ibilgailuren gainean erori dira, eta horietako batek su hartu du. Denda bati ere kalteak egin dizkio.
Nafarroako larrialdi zerbitzuak Tuterako eta Azkoiengo suhiltzaileak eta bi anbulantzia bidali ditu.
Era berean, Tuterako Udaltzaingoa laguntzen ari da.