Itxi

Etxegabetzea

Elkarretaratzea deitu dute Basaurin, etxegabetze bat geldiarazteko

Agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

Bilboko epaile baten aginduz, 51 urteko emakume bat eta haren adin txikiko alaba etxetik botako dituzte, ostegunean, Basaurin, alokairua ez ordaintzeagatik.

Elkarretaratzea egingo dute ostegun honetan Basaurin, etxegabetze bat geldiarazteko. 51 urteko emakume bat eta haren adin txikiko alaba botako dituzte etxetik, azken hilabeteotan alokairua ez ordaintzeagatik.

Baietz Basauri plataformak deitu du protesta-bilkura. Talde horrek jakitera eman duenez, Kareaga kaleko 55. zenbakian bizi dira ama-alabak, eta Bilboko Auzitegiko epaile batek eman du etxegabetzeko agindua, irailaren 22rako.

2014tik Basaurin erroldatuta dago emakumea.

Alokairurako laguntzak

Basauriko Udalak, bere aldetik, ohar bidez jakinarazi du 2016ko lehen seihilekoari zegokion alokairua ordaindu ahal izateko, diru-laguntza eman ziola emakume horri, baina laguntza "beste zeregin batzuetara" bideratu zuela.

Herrian erroldatu zenetik, Gizarte Zerbitzuen "aholkularitza eta laguntza" jaso duela emakumeak ziurtatu du Udalak, eta 5.000 euro baino gehiago jaso dituela diru-laguntzatan, gehienak alokairurako.