Kargatzen...
Itxi

Protesta

Emakume bat eta haren alaba etxetik bota dituzte Basaurin

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Etxegabetzearen aurkako elkarretaratzea egin dute dozenaka lagunek. Udalaren esanetan, emakumeak alokairua ordaintzeko diru-laguntza jaso zuen, baina ez zuen dirua xede horrekin erabili.

Your browser doesn’t support HTML5 video

51 urteko emakume bat eta haren alaba adingabea etxetik bota dituzte ostegun goizean Basaurin. Biak Kareaga Goikoa kalean bizi ziren, 55.ean; emakumea 2014ko irailetik dago erroldatuta udalerrian.

Etxegabetzearen aurkako elkarretaratzea egin dute dozenaka lagunek; Baietz Basauri plataformak deituriko protestan, besteak beste, Jasone Agirre EH Bilduren irailaren 25eko hauteskundeetarako Bizkaiko zerrendaburua izan da, bai eta En Basauri Podemoseko ordezkariak. Elkarretaratzera, ondorengo lema zuen pankarta bat eraman dute: "Etxegabetzerik ez. Udala arduraduna".

Baietz Basauriko kide Luis Miguel Garciak adierazi duenez, emakumeak 1.440 euro jaso ditu erakundeengandik 2016an, alokairua eta etxearen gastuak ordain ditzan: "Gasa duela hilabeteak du moztuta, eta jendeak emandakoarekin bizi izan behar izan du, nola edo hala", azaldu du. Garciaren esanetan, emakumeak, hilero, 600 euroko alokairua ordaindu behar izaten zuen; plataformaren helburua, gaurko protestarekin, erakundeei arreta ematea zen, "zerbait egin dezaten".

Asteazken honetan, eta ohar baten bidez, Baietz Basaurik esan zuen "larria" dela Udalak pentsatzea nahikoa dutela emakumeak eta alabak 5.000 eurorekin; plataformak galdetu ere galdetzen du ea nork duen gaitasuna bizitzeko hilean 250 euro jasota. Halaber, eskatu zioten Udalari "erantzukizunari aurre egitea, eta etxetik botatako familiarentzako leku duina topatzea".

Udalak "jarraituko du emakumeari babesa ematen"

Etxegabetzea gauzatuta, Basauriko Udalak aseguratu du jarraituko duela emakumeari "babesa ematen, etxebizitza bilatzeko eta beste hainbat asistentzia-laguntza jasotzeko". Gainera, zehaztu du "orientazioa ematen jarraituko" duela, orain arte egin izan duen moduan, emakumeak jakin dezan zer egin behar duen laguntza eta baliabide gehiago izateko.

Halaber, nabarmendu du Udalaren gizarte-zerbitzuak "adingabearen egoerari jarraipena egingo diotela, haren zaintza eta babesa bermatzeko".

Basauriko Udalak, ohar baten bidez, jakitera eman zuen duela egun batzuk etxetik botatako emakumeak diru-laguntza jaso zuela 2016ko lehen sei hilabeteetako alokairua ordaindu ahal izateko; Udalak, hala ere, adierazi du emakumeak ez zuela erabili dirua horretarako. Udalak, horretaz gain, esan du emazteak "gizarte-zerbitzuen laguntza" izan duela Basaurin erroldatu zenetik (2014an); hain zuzen, 5.000 euro baino gehiago eman dizkiote hainbat laguntzaren bidez, batez ere alokairua ordaintzea helburu.

intzea helburu.

Albisteak (1)

Bideoak (1)