Itxi

Ikerketa

120.000 emakumek etxebizitza arazoak dituzte EAEn, Emakunderen arabera

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Gaur aurkeztu duten ikerketan emakumeen ikusezintasunaz ohartarazi dute, kalean edota aterpetxeetan lo egin beharrean bestelako aukera batzuk nahiago dituztelako.

Jendea kalean

Emakundek enkargatutako ikerketa baten arabera, 120.000 emakume pasatxo bizi dira bizitegi bazterketa egoera larrian Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), nahiz eta kalean edota aterpetxeetan gizonezko gehiago bizi diren.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendari eta Joseba Zalakain Ikerketa eta Dokumentazio Zentroko zuzendariak "EAEko bizitegi bazterketa larriaren fenomenoa genero ikuspuntutik ikusita" izeneko txostena aurkeztu dute gaur, Gasteizen, kazetarien aurrean.

Ikerketaren arabera, inolako aterperik ez duten 402 gizonezko daude EAEn eta, aldiz, 41 emakume. Emakundek emakumeen ikusezintasunaz ohartarazi du, gehienek kalean edota aterpetxeetan lo egin baino bestelako aukera batzuk nahiago dituztelako.

Zalakainen esanetan, behin behineko bizitetxetan, aterpetan edo bestelakoetan 1.044 gizonezko eta 426 emakume bizi dira.

Hala ere, etxebizitza ez seguruetan ( etxe-kaleratzearen mehatxupean, alokairu prekarioan edo genero indarkeriaren mehatxupean) bizi diren emakumeen proportzioa gizonezkoena baino handiagoa da: 34.439 emakume eta 23.072 gizonezko.

Etxebizitza desegokietan, hots, txaboletan edota bizigarritasun arautegia betetzen ez dute bizitetxetan edo pilaketa egoeratan bizi direnen kasuan, gizonen eta emakumeen arteko proportzioa ia berdina da: 89.587 gizonezko eta 85.128 emakume.

Guztira, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen % 10 (234.000 pertsona) bizi dira bizitegi bazterketa bezala definitu daitekeen egoeran.

 

Albisteak (1)