Bidaiak
36 ordu Donostian, ‘The New York Times’en proposamena
Eitb.eus
Hainbat leku ezagutzeko edota bertako eraikinez gozatzeko gonbita egin die irakurleei hedabideak. Zalantzarik gabe, baina, pintxoak eta Kontxako pasealekuko tabernak dira erreportajearen muina.
The New York Times egunkari estatubatuarrak Gipuzkoako hiriburuko hainbat leku eta jatetxe bisitatzeko proposamena egin du asteburuan.
“36 hours in San Sebastian” izenpean, hedabideak erreportaje mardula zabaldu du Interneten. Ingrid K. Williams egileak Donostiako toki ugari bisitatzeko gonbita egiten die bertan irakurleei, besteak beste, Gipuzkoako hiriburuko hainbat leku ezagutzeko eta bertako eraikinez gozatzeko. Zalantzarik gabe, baina, gastronomia eta, bereziki, pintxoak eta Kontxako pasealekuko tabernak dira erreportajearen muina. Donostia jomuga gastro-turistikoa dela nabarmendu du gidak, eta izaera hori urteekin finkatu duela.
Sukaldaritzaz gain, The New York Times egunkariak nabarmendu du Donostia Europako Kultur Hiriburua dela, eta, horri lotuta, egileak dio hiriak jakin duela toki turistiko gisa bere burua eraldatzen, “orain kultura jomuga ere baita”.
“36 hours in San Sebastian” erreportajeak proposatutako ibilbidea ostiral arratsaldean hasten da. Lehen plana Donostiako kaleetatik barrena paseatzea da, eta bertako arkitektura dotoreaz gozatzea, eraikinen ezaugarri klasiko eta garaikideak aztertzeko. Horrekin batera, Williamsek pintxoekin eta Kontxako pasealekuko tabernekin gozatzeko proposamena egin die irakurleei. Afaltzeko, Antonio Bar Alde Zaharreko taberna aukeratu du; gauean irteteko, berriz, Dabadaba aretoa.
Larunbatean, Sakona Coffee Roasters-eko gosaria nabarmendu du, eta, ondoren, Zabaleta tabernako patata-tortilla pintxo “zoragarria”.
Bapo gosaldu eta hamaiketakoa egin ostean, Grosera jo beharko genuke, eta eguerdian, berriz, Casa Urola jatetxe historikoaren mahaian jesarri.
Kulturaz gozatzeko, Tabakalera izan daiteke aukerarik onena, The New York Timesen proposamenaren arabera, eta afaltzeko, pintxoen ibilbidea egitea, Alde Zaharreko tabernetan. Bertan eskaintzen duten gin-tonic ederrekin gozatzea ere aukera ona izan daiteke, egilearen ustez.
Azken egunerako, itsasbazterretik paseatu eta paisaiaz gozatzea ez da aukera txarra, eta joan aurretik bermuta hartzea Konstituzio Plazan.