Itxi

Abetxuko

‘Pichiak’ ostrazismora zigortzeko saiakera salatu dute elkarte batzuk

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Familia horretako kideak “ostrazismo sozialera” zigortu nahi dituztela salatu dute Ongi Etorri, Arabako SOS Arrazakeria eta Vecindad Vasca sin Fronteras elkarteek.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gasteizko Abetxuko auzoan bizi diren ‘Pichiak’ “ostrazismo sozialera” zigortu nahi dituztela salatu dute astelehen honetan Ongi Etorri, Arabako SOS Arrazakeria eta Vecindad Vasca sin Fronteras elkarteek.

Familia horretako kideak kaleratzeko prozesua martxan jarri dute jada, baina okupatutako etxebizitza horretatik ‘Pichiak’ kanporatzeko asmoz auzokideek egin dituzten manifestazioak eta elkarretaratzeak gaitzetsi dituzte elkarte horietako ordezkariek. Ildo horretatik, premiak behartzen duenean etxebizitza bat okupatzea ohikoa dela esan dute.

Era berean, familia horretako kideen kontra erabiltzen dituzten arrazoiak faltsuak direla esan dute. Halaber, “gatazkatsuak eta antisozialak” direla esateak gizartean inoiz preskribituko ez diren aurrekariak sortzen dituela uste dute.

Ildo horretatik, ‘Pichien’ kontrako elkarretaratzeak eta manifestazioak antolatzen dituztenek “ikuskizun lotsagarriak” sortzen dituztela gaitzetsi dute. Gainera, arazoa konpontzeko ezer ez egitea leporatu diote hiru elkarteek Gasteizko Udalari. Halaber, familia horren kontra egiteko erabiltzen dituzten arrazoiekin ‘Pichiak’ “ostrazismo sozialera” zigortu nahi dituztela gaineratu dute.

Joan den astean Juan Calparsoro EAEko Auzitegi Nagusiko fiskal nagusiarekin bildu ziren familia horretako ordezkari batzuk, Bilboko Justizia jauregian, Gasteizko bizilagun batzuen aldetik mehatxuak eta indarkeria jasaten dutela salatzeko. Izan ere, 'Pichiek' okupatutako etxebizitzaren aurrean protesta zaratatsuak egin dituzte azken asteotan.

Ez dute lortu Gasteizen erroldatzea

Gasteizko Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, ‘Pichi’ familiako kideek ez dute lortu Gasteizen erroldatzea, ez dituztelako horretarako beharrezkoak diren baldintzak betetzen. Halaber, horien kaleratzea azkartzea eta arazoa konpontzea eskatu dio justiziari.

‘Pichi’ familiakoek eskaera erregistratu duten arren, Udalak gogoratu du errolda ez dela egun batetik bestera lortzen.

Araudiak ezartzen duenez, etxebizitza batean erroldatu ahal izateko horren titulartasuna frogatu behar da. Gainera, alokairua eta egindako ordainketen ziurtagiriak aurkeztu behar dira Udalean.

Kasu honetan, ‘Pichiek’ ezin dutela beharrezkoak diren baimen horiek bete gaineratu du Udalak.

Albisteak (3)

Bideoak (1)