Abetxuko
Pitxiak kaleratzeko eskatu diote Abetxukuko bizilagunek Calparsorori
Agentziak | Erredakzioa
EAEko Auzitegi Nagusiko fiskal nagusia Abetxuku auzoko bizilagunekin bildu zen atzo, asteazkena, euren kezkak entzuteko.
Gasteizko Abetxuku auzoko bizilagunek Pitxiak kanporatzeko eskatu diote Juan Calparsoro EAEko Auzitegi Nagusiko fiskal nagusiari. Izan ere, Kristo kaleko 54 zenbakian legez kanpo okupatutako etxe batean bizi den familia gatazkatsu horretako hainbat kidek lapurretak egin dituzte eta liskarrak eragin dituzte auzoan.
EAEko Auzitegi Nagusiko fiskal nagusia atzo, asteazkena, hurbildu zen lekura eta azken asteotako istiluak direla eta auzokideen kezkak entzun zituen.
Legez kanpo okupatutako etxebizitza horren jabeak salaketa jarri zuen. Gainera, auzo horretako okindegi batean lan egiten duen behargin batek beste salaketa bat jarri zuen, familia horretako kide batzuk ez zirelako dendatik irteten. Ustez, lapurtzeko saiakera egin zuten bertan.
Uribe Nogales auzo elkarteak deituta, Abetxuku auzoko bizilagunek egunero egiten dituzte elkarretaratzeak eta manifestazioak, ijitoen familia horrek abuztuan okupatu zuen etxetik alde egin dezan. Auzokideen ordezkariak Calparsororekin bildu ziren atzo, eta Bilboko Ollerieta auzoan dauden segurtasun eta bizikidetza arazoak errepikatzearen beldur direla esan zioten.
Beste alde batetik, joan den astean Gasteizko Abetxuku auzoko Pitxien ordezkariek Calparsororekin izan zuten bileran bizilagun batzuen aldetik mehatxuak eta indarkeria jasaten dutela azaldu zioten. Era berean, beldurra sentitzen dutela eta bizi duten egoera horrek osasunari kalte egiten diela esan zioten.
Ostegun honetan Pitxiek okupatutako etxearen aurrean protesta egingo dute Abetxukuko bizilagunek eta, oraingoan, Bilboko Ollerieta auzoko bizilagun batzuk parte hartuko dute, euren babesa adierazteko.
Calparsorok gogoratu duenez, Pitxien kontra bi salaketa jarri dituzte Gasteizen; alde batetik, okupatutako etxe horren jabeak, eta, bestetik inguruko okindegi bateko langileak.
EAEko Auzitegi Nagusiko fiskal nagusiak aitortu duenez, bizilagunak beldurtuta bizi dira eta hutsik dauden etxe askotan leihoak itxi dituzte.
Halaber, protestetan Pitxiei alde egiteko eskatu eta horrekin mehatxu egin beharrean, bizikidetzaren aldeko apustua egin dezaten eskatu die Calparsorok Abetxuku auzoko bizilagunei.
Beste alde batetik, Pitxiek Gasteizen erroldatzeko egin zuten eskaera onartzen duen esan behar du Gasteizko Udalak, baina oraindik ebazpen judizialaren zain dago.
Dena den, Gasteizko Udalak azaldu duenez, ezin dira etxe horretan erroldatu, ez dituztelako beharrezko baldintzak betetzen. Araudiak ezartzen duenez, etxebizitza batean erroldatu ahal izateko horren titulartasuna frogatu behar da. Gainera, alokairua eta egindako ordainketen ziurtagiriak aurkeztu behar dira Udalean. Kasu honetan, Pitxiek ezin dutela beharrezkoak diren baimen horiek bete gaineratu du Udalak.