Merkataritza sustatzeko
Barakaldok 5.500 bonu jarriko ditu salgai
EiTB.EUS
Bonuak azaroaren 9an jarriko dira salgai, eta egun horretatik abenduaren 14ra bitartean erabili ahalko dira.
Barakaldoko Udalak eta bertako Merkatari eta Enpresarien Elkarteak (ACE) 5.500 bonu jarriko dituzte salgai azaroaren 9an, Bizkaiko herri horretako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektoreetan erosketak sustatzeko. Horiek baliatuz, 30 euroko erosketak egin ahalko dira, horiek eskuratzeko 20 euro bakarrik ordainduta.
Bonua erosi ondoren, azaroaren 9tik abenduaren 14ra bitartean erabili ahalko dira ekimen honetara atxikitako saltoki, ostalaritza establezimendu eta zerbitzu enpresetan. Bonuak non erabil daitezkeen jakiteko, atxikitako establezimenduek bereizgarri bat jarriko dute erakusleihoan edo sarrerako atean. Barakaldar bakoitzak bi bonu eskuratu ahalko ditu, nortasun-agiria erakutsita, eta erosketa ezingo da zatikatu, baina tiket bakoitzeko bi bonu erabili ahalko dira.
Amaia del Campo Barakaldoko alkatearen arabera, bonua Gabon aurreko erosketak egiteko pentsatuta dago. “Tokiko merkataritzak ilusio handiz hartuko du kanpaina, bultzada gehigarria delako sektorerako oso garrantzitsuak diren egun hauetan”, esan du. “Sektore ekonomikoan oso garrantzitsuak dira merkataritza eta ostalaritza; beraz, Udaletik ere, tokiko profesionalenganako konfiantza sustatuko duten ekimenak bultzatu nahi ditugu”, gaineratu du alkateak.
Barakaldoko Udalak 55.000 euroko diru-laguntza eman du, kontsumitzaileek bonu bakoitzarekin jasoko duten 10 euroko deskontua ordaintzeko. ‘Barakaldo bonua’ Sabadellek udalerri horretan dituen bi banketxeetan erosi ahal izango dira, eta baita Gurutzetako Kultur Etxean ere.
Ana Morgado ACEko presidenteak azpimarratu duenez, azken urteetan handitu egin da kanpaina honetara atxiki diren saltoki eta ostalaritza lokalen kopurua, eta bonua gero eta toki gehiagotan erabil daiteke. Iaz, 185 establezimendu batu ziren kanpainara, eta aurten, orain arte, 125 negoziok egin dute. Hala ere, kopuru horrek gora egitea espero dute antolatzaileek, azaroaren 7ra arte zabalik baitago atxikitzeko epea.
Bonuak Gabonetako erosketak aurreratzeko aukera ematen du, eta, opariak erosteko ez ezik, erosketak harategi edota arrandegietan egiteko aukera ere eskaintzen du. Horrela, Gabonetako bazkari-afariak zeozer merkeagoak izango dira kontsumitzaileentzat.