Itxi

Abetxuku

Pitxien kontra 'koakzioak egitea' delitu dela esan du Fiskaltzak

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Sare sozialen bidez “mehatxuak eta koakzioak” jaso izana salatu dute familia horretako kideek.

Abetxuku auzoko bizilagun batzuk, Pitxiek okupatutako etxearen aurrean. Artxiboko argazkia: EiTB

Juan Calparsoro EAEko Auzitegi Nagusiko fiskal nagusiak asteazken honetan gogoratu duenez, pertsona bat iraintzea edota horren kontra koakzioak egitea delitu da. Kasu honetan, Gasteizko Abetxuku auzoan legez kanpo okupatutako etxe batean bizi den familia horren kontra egindako koakzioak “onartezinak” direla esan du Calparsorok.

Arabako SOS Arrazakeriak sare sozialetan Pitxien kontrako "mezu iraingarriak" zabaldu direla jakinarazi diola gaineratu du Calparsorok.

Fiskalaren arabera, epaitegietan konpondu beharreko arazoa da, eta gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsona horiei laguntza eman behar zaiela gaineratu du.

Bestalde, Abetxuku auzoko bizilagunek elkarretaratzeak eta manifestazioak egiteko eskubidea dutela aitortu du, baina herritarren eskubideak ezin direla urratu azpimarratu du.

Ildo horretatik, familia bati alde egitera behartzeko asmoz antolatzen diren protestak eta manifestazioak onartezinak direla esan du EAEko Auzitegi Nagusiko fiskal nagusiak. Gainera, familia horretako kideak iraindu edota horien kontra koakzioak egin direla frogatuko balitz, delitu izango litzatekeela azpimarratu du.

Abetxuku auzoko bizilagunek elkarretaratze eta manifestazio ugari egin dituzte familia gatazkatsu horrek okupatutako etxearen aurrean, Pitxiak kanporatzeko legea bete dadila eskatuz.

Albisteak (3)