Itxi

Badator negua

Ilargi eklipsea eta eguzki eklipsea izango dira neguan

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Asteazkenean abiatuko da urtaro berria. 88 egun eta 23 ordu iraungo ditu.

Ilargi eklipsea izan zen irailaren 16an ere. Argazkia: Nerea Ayarzaguena

Negu astronomikoa asteazkenean, abenduaren 21ean, abiatuko da, 11:44an. Urtaro berri horretan, ilargiaren ilunantz eklipse bat eta eguzki eklipse bat izango ditugu. Biak ala biak otsailean izango dira.

Neguko solstizioak 88 egun eta 23 ordu iraungo ditu, eta 2017ko martxoaren 20an bukatuko da, orduantxe hasiko baita udaberria. Neguan Jupiter eta  Saturno planetak ikusi ahalko ditugu goizean, eta iluntzeetan, Artizarra, Marte eta Urano, Espainiako Behatoki Astronomikoak emandako datuen arabera.

Abenduaren 21a urteko egunik laburrena izango da, eta gutxi gorabehera bederatzi ordu eta 15 minutuko iraupena izango du.

Eklipseei dagokienez, otsailaren 10etik 11ra doan gauean ilargiaren ilunantz eklipsea izango da. Amerikan, Europan, Afrikan eta Asian izango da ikusgai. Fenomeno astronomiko honen gorena 01:44an izango da, eta, eguraldiak oztopatzen ez badu behintzat, Euskal Herrian ere ikusteko beta izango dugu. Atzemateko zaila izango da, ez baita oso fenomeno deigarria.

Otsailaren 26an, eguzki eklipsea egongo da, baina  Hego Amerikan, Antartikan eta Afrikako herrialde batzuetan bakarrik ikusi ahalko da (Txile hegoaldean, Argentinan, Angolan, Zambia ipar-ekialdean eta Kongon).

Neguko lehen ilargi betea 2017ko urtarrilaren 12an izango da, eta gerora, otsailaren 11n eta martxoaren 12an.

Meteoro euriei dagokienez, Kuadrantidak ikusi ahalko ditugu urtarrilaren 3an.