Itxi

Hego Euskal Herrian

Haur transexualen inguruko kanpaina abiatu du Chrysallis elkarteak

eitb.eus

Leer en Castellano

'Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak' esaldia duten kartelak izango dira ikusgai Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko autobus eta metro geltokietan.

Chrysallis Euskal Herriaren kanpaina haur transexualen alde. Argazkia: Chrysallis Euskal Herria.

"Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak" lemapean, Chrysallis Euskal Herria elkarteak haur transexualen errealitatea gizarteari ezagutarazteko kanpaina ipini du martxan.

Horretarako, kanpainaren kartelak izango dira ikusgai Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko autobus eta metro geltokietan. Gizartearen onarpenak daukan garrantzia nabarmendu dute arduradunek, "ulermen horren menpe dagoelako euren bizitza kalitatea eta zoriontasuna".

Agiri batean elkarteak baieztatu duenaren arabera, ekimena New Yorkeko finantza arloko agintari esanguratsu batek ordaindu du, 30.000 dolar eman dizkiolako, elkartearen material didaktikoari buruzko erreportaje bat irakurri ostean.

Chrysallis Euskal Herria elkarteak jakinarazi duenez, zenbait ikerketaren arabera, haurtzaroan identitatea ukatu zitzaien heldu transexualen suizidioen saiakera-tasa biztanleria osoaren batez bestekoa baino "askoz ere altuagoa" da. Haien identitatea onartzen eta laguntzen denean, berriz, pertsona horien bizi- eta zoriontasun-kalitate adierazleak gainontzekoen antzekoak dira.

Chrysallis Euskal Herria 2015eko martxoan sortu zen Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako zortzi familiaren artean eta egun 40 baino gehiago dira. Zeregin nagusia adingabe transexualen familiei arreta, aholkularitza eta formakuntza ematea da, baita elkarri laguntzeko sare bat osatzea ere. Horrez gain, haien eskubideen alde egiten du lan arlo guztietan (hezkuntzan, osasunean, gizartean, kulturan, kirolean, juridikoan, komunikabideetan) eta errealitate hori ezagutarazten saiatzen da.