sexu-gehiegikeriak adingabeei
Juan Kruz Mendizabal: 'Elizak ez du pederastia behar bezala abordatu'
eitb.eus
"Euskal Herrian ez dugu horrelako kasurik ezagutzen", esan zuen Donostiako bikario ohiak Goienak Gabonen atarian egindako elkarrizketa batean.
Juan Kruz Mendizabal 'Kakux'ek orain hilabete inguru Goiena komunikazio taldeak egindako elkarrizketa batean pederastiaz esan zuenez, "nik uste dut gai hori gainetik pasatu dela. Esan gura dut Elizak ez duela behar bezala abordatu, zaurituekin eta minduta daudenekin elkarrizketan... Ez dakit Euskal Herrian, guk horrelakoak ez baititugu ezagutzen, baina Ameriketako Estatu Batuetan saiatu ziren arazoa diruz konpontzen".
Gabonen atarian Goienak egindako eta gaur Puntua Debagoieneko astekarian argitaratuko duten elkarrizketan, 'Kakux' pederastiaz eta homosexualitateaz aritu zen.
Mendizabalen esanetan, Euskal Herrian ez ditugu pederastia kasuak ezagutzen, baina "Ameriketako Estatu Batuetan saiatu ziren arazoa diruz konpontzen. Eta ondorioa izan da ez dela ezer konpondu eta, gainera, Eliza diru barik gelditu dela".
"Maila horretan babesa eman behar zaie familiei eta hurbiltasuna arazo barik eskaini. Gaur egun Eliza eta epaileak bat eginda daude eta ez dago zirrikiturik elkarri laguntzeko”, erantsi zuen Mendizabalek elkarrizketan.
Elizak Juan Kruz Mendizabal apaiza zigortu du dagoeneko bi adingaberi sexu-abusuak egitegatik. Donostiako Elizbarrutiko bikarioa izan zen, 2016ko apirilean gertakari horiengatik kargutik kendu zuten arte.
Salatzaileen arabera, sexu-gehiegikeriak 2001 eta 2005 bitartean pairatu zituzten, Mendizabal Donostiako San Bizente parrokian apaiza eta Xirimiri Gazte Taldeko arduraduna zenean.
Alabaina, atzo Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak prentsaurrekoan iragarri zuen beste salaketa bat jaso dutela Juan Kruz Mendizabal Gipuzkoako bikario ohiaren aurka, 1994an sexu-abusuak egitea egotzita. Haren aurkako hirugarren salaketa da, eta baliteke laugarren kasu bat ere egotea.