Itxi

Sexu-gehiegikeriak

Donostiako Elizak 'barkamena' eskatu du Mendizabalen sexu-abusuengatik

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak gaurko emandako mezetan irakurri beharreko testu bat igorri die Elizbarrutiko apaizei.

Juan Kruz Mendizabal. EiTB

Donostiako Elizak "barkamena" eskatu du igande honetan emandako mezetan, Juan Kruz Mendizabal Gipuzkoako bikario ohiak zenbait adingabekori egindako sexu-abusuengatik, Elizbarrutiak aditzera eman duenez.

Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak gaur emandako mezetan irakurri beharreko testu bat igorri die Elizbarrutiko apaizei. Mendizabali egotzitako sexu-abusuen biktimei barkamena eskatu diete.

Elizaren epaitegiak bi adingabekori 2001. eta 2002. urteetan "ukitu desegokiak" egiteagatik zigortu du Mendizabal apaiza. Gainera, joan den urtarrilaren 12an, beste biktima batek 1994an jasotako abusuak salatu zituen.

Gaur apaizak irakurtzen ari diren testua Juan Kruz Mendizabali leporatutako kasuak azaltzeko Munillak joan den ostegunean zabaldutakoaren oso antzekoa da.

Idatzi horretan, Donostiako gotzainak "barkamena" eskatu zien abusuen biktimei eta haien senitartekoei. "Adingabekoei egindako edozein sexu-abusu" salatu zuen, "batez ere, apai batek eginak badira". Horrez gain, Munillak esan zuenez, "ez du etsiko adingabekoei egindako gehiegikeriak justiziaz eta berdintasunez bideratu eta erabat deuseztatu arte".

Munillak gaiari buruz hitz egingo die fededunei gaur arratsaldeko 18:00etan Artzai Onaren katedralean emango duen eukaristian.

Albisteak (4)