Itxi

Deklarazioa

Hasel rap-abeslariak 'Juan Carlos el Bobon' egin zuela aitortu du

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Rap-abeslari kataluniarrak Auzitegi Nazionalean deklaratu du 'Juan Carlos el Bobon' abestian monarkia kritikatzea egotzita.

Pablo Hasel rap-abeslariaren artxiboko argazkia. EFE

Pablo Hasel rap-abeslari kataluniarrak "Juan Carlos el Bobon" abestia egin izana aitortu du gaur goizean, Auzitegi Nazionalean egindako deklarazioan. Monarkia kritikatzen duen kantuaren bideoa Youtube plataformara igo zuen eta, besteak beste, "monarkiako kideei urte gutxi geratzen zaizkiela" adierazi zuen, "herri-errepublika gertu baitago". Fiskalak ez dio kautelazko neurririk ezarri abeslariari, baina koroa iraintzea leporatu dio.

Deklarazioaren iturrien esanetan, monarkiaren instituzioari egindako kritika legitimoa dela esan du Haselek. Letra eta musika ez ezik, Fiskaltzak salatutako bideoa ere berak egin zuela onartu du, internetera igotzeaz gain.

Abestian Felipe VI. erregearen aitari "mozkorra" izatea eta "dirua parrandan xahutu" izana egotzi dio; horrez gain, hiritar askok "Cristina infantari gillotina" desio diola argitaratu du.

2016ko irailean ere Auzitegi Nazionalean deklaratu zuen Haselek, monarkiaren aurka eta Grapo talde armatuko kideen alde Twitterren hedatutako hamabost txio zirela eta. Prozedura hura gaurkoaren batera bideratuko dute, iturri judizialek baieztatu dutenez.

Auzi gehiago

Horiez gain, rap-abeslariak beste salaketa bat ere jaso zuen, Angel Ros Lleidako alkateak jarritakoa, hain zuzen. Izan ere, beste abesti batean heriotza-mehatxua egin izana leporatu zion Haseli. Fiskalak urtebeteko zigorra edo isuna ezartzea eskatu zuen.