Itxi

ZENTRAL NUKLEARRA

Garoñako zentral nuklearra berriro zabaltzearen alde agertu da CSN

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak goizean onartutako ebazpenaren arabera, beharrezko segurtasun neurriak hartuta eta horretan inbertsioak eginda, Garoña berriro martxan jar daiteke.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak (CSN, gaztelerazko sigletan) Garoñako zentral nuklearra berriro irekitzearen aldeko ebazpena onartu du, betiere Garoñaren jabe den Nuclenorrek (erdi bana dute Ibedrolak eta Endesak) beharrezko segurtasun neurriak betetzen baditu.

Gaurko bozketan Segurtasun Nuklearreko Kontseilua osatzen duten bost kontseilarietatik lauk Garoña berriro zabaltzearen alde bozkatu dute eta bosgarrenak, berriz, kontra. Organo hori osatzen duten bost kide horietatik hiru PPk proposatu ditu eta gainerako biak, ostera, PSOEk. Cristina Narbona izan da kontra bozkatu duen kontseilaria, hain justu, 2004tik 2008ra Espainiako Ingurumen ministroa izan zena.

CSNk azken bi urteotan egindako 167 txosten teknikoetan oinarrituta hartu du erabakia.

Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren aldeko txostenaren ondoren, orain Espainiako Gobernuareni dagokio Nuclenorri Garoña berriro irekitzeko baimena eman ala ez erabakitzea. Dena den, Espainiako Gobernuak Garoñaren irekiera onetsita ere, Nuclenorri dagokio azken hitza; izan ere, Gobernuaren balizko baimen hori egikaritzen duen erabaki beharko du. Garoña 2012tik geldirik dago eta irekiz gero, 2031. urtera arteko baimena izango luke.

Gaur Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak hartutakoa Espainian aurrekaririk ez duen erabakia da: alde batetik, ireki eta 40 urte igarota ere lanean jarraitzeko baimena ematen dio; bestetik, beste 14 urtez aritzeko baimena eman dio, nahiz eta zentral nuklearrei lanean jarraitzeko egiten zaien azterketa hamar urtean behin izan.

Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak Garoña berriro irekitzea onetsi badu ere, Diputatuen Kongresuaren gehiengoa zentral nuklearra martxan jartzearen kontra azaldu da harik eta zentral nuklearrek 40 urtetik aurrera irekita mantendu behar diren ala ez Kongresuan eztabaidatu arte.

Garoña 1970ean ireki zuten eta itxi gabe dagoen Espainiako zentral nuklearrik zaharrena da. General Electric AEBko konpainiak eraiki zuen, eta Japoniako Fukushima zentral nuklearraren antzekoa da. Gaur egun, Garoña geldialdi seguru egoeran dago.

Azken erabakia Espainiako Gobernuak hartuko du

Espainiako Gobernuak zentral nuklearra berriro irekitzeko baimena ematen badu, Industria, Energia eta Turismo Ministroak erabakiko du zenbat urtez jarraituko duen lanean.

Ildo horretatik, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren presidenteak azpimarratu du Garoñak segurtasun neurriak betetzen dituela eta 14 urtez aritzeko ahalmena duela, baina martxan jartzeko erabakia Espainiako Gobernuak hartu behar duela berretsi du.

“Guk ez dugu zentral nuklearrak irekitzeko edo ixteko baimenik ematen, segurtasun neurriak betetzen dituzten aztertzen dugu soilik”, esan du CSNko presidenteak.

Nuclenor zentralaren jabeak baldintzak ezagutu nahi ditu erabakia hartu baino lehen

Garoñaren jabe den Nuclenorrek zentral nuklearra berriro irekitzeko CSNk ezarritako "baldintzak" zeintzuk diren jakin nahi du "behin betiko jokalekuari" buruzko erabakia hartzeko.

bakia hartzeko.

Albisteak (4)

Bideoak (2)