Itxi

Kultura Ministerioa

Sexu esplizitua duten filmak ikusteko baimena dute frantziar nerabeek

agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

'La Vie d'Adele' eta 'Love' filmak 18 urtetik beherakoentzat debekatu zuten, muturreko elkarte katoliko batek eskatuta. Gobernuak dekretu bat onartu du, horren modukoak ikustea baimentzeko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Frantziak baimena eman du gaurtik aurrera sexu esplizitua duten filmak nerabeek ikusi ahal izateko, beti ere ebaluazio batzorde batek onartzen badu.

Hala, Frantziako Aldizkari Ofizialak Kulturako Ministerioak onartutako dekretua argitaratu du, sexu esplizitua zuten filmak 18 urtetik beherako gazteei debekatu behar zitzaizkiela ezartzen zuen legearen artikulua indargabetuta.

Horrela erantzun dio Frantziako Gobernuak, hain justu, zinemagintzaren industriak aspaldian egindako eskakizunari eta, aldi berean, Promouvoir muturreko elkarte katolikoaren jarduera zeharo mugatzen du, azken urteetan nerabeei hainbat pelikula ikustea debekatzeko borrokatu ostean.

Oihartzun gehien lortu zuten bi filmak, zentzu horretan, La Vie d'Adele (Abdellatif Kechiche) eta Love (Gaspar Noe) izan ziren.

Hasieran 16 urtetik beherakoentzat baino ez zegoen debekatuta, baina Promouvoir elkarteak auzitara jo ostean, adin txikiko gazte guztiei debekatu zitzaien.

Hori dela eta, zinemaren munduak, bere askatasuna mugatu zutela iritzita, aurre egin zion debekuari eta Audrey Azoulay Kultura ministroak, arazoa bideratzeko asmoz, txosten bat eskatu zuen. Oraingo dekretuak txosten horren ondorioak jasotzen ditu.

La Vie d'Adele filmaren protagonistak, Cannesen, Urrezko Palma jaso zutenean.

Zinemaren Batzorde Nazionalari egokituko zaio ebaztea film baten eszenek debekua ekarri behar duten ala ez.

Erakunde horrek filmak sailkatu egiten ditu gaur egun, baina hemendik aurrera askatasun gehiago izango du jarduteko, berak emandako erabakia kontuan hartuko baitu Ministerioak, publiko zabalari baimentzeko.

Dekretuak dioenez, "haurtzaroaren eta gazteriaren babesaren neurrikoa" izan beharko da sailkapena, "adin bakoitzeko izaeraren garapena eta sentsibilitatea, eta giza-duintasunarekiko errespetua kontuan hartuta".

Gauzak horrela, "adin txikikoen sentsibilitateari kalte egiten badiote" edo indarkeria gauza positibotzat jotzen badute, edo gutxietsiz gero, debekatu egingo dute.

2015ean, batzordeak aztertu zituen 700 filmetatik, 53 debekatu zituzten 12 urtetik beherakoen kasuan, bost 16 urtetik beherakoentzat eta lau, 18 urte baino gutxiagokoentzat.

Bestalde, film bat auzitara eramaten badute, Parisko Apelazio Auzitegiak ebatziko du.

Horrela, Ministerioak  balizko auzietako epeak laburtzea nahi du, Auzitegi Gorenera jotzeko aukera egongo bada ere.

 

Bideoak (1)