Itxi

Lurrikara

4,2 graduko lurrikara izan da Iruñerrian

EITB.EUS

Leer en Castellano

Goizeko 07:43an izan da eta epizentroa Orikainen kokatu da. Iruñerrian ez ezik, Lapurdiko eta Gipuzkoako zenbait puntutan ere nabaritu da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Richter eskalan 4,2 graduko indarra izan duen lurrikara izan da gaur, ostirala, goizean Iruñerrian (Nafarroa), eta Lapurdiko eta Gipuzkoako zenbait puntutan ere nabaritu da.

Geografia Institutu Nazionalak emandako datuen arabera, epizentroa Orikainen kokatu da, kilometro bateko sakoneran, 07:43ean.

3-4 segundo inguruko iraupena izan du sismoak; oraindik ez dakite kalterik eragin ote dituen.

Lurrikara hainbat lekutan sentitu da, besteak beste, Tolosa, Ordizia, Donostia, Leitza, Irun, Astigarraga eta Hendaian.

Hiritarrek dardara txikia sentitu dute etxe barruetan, altzariak eta apalak mugitu, eta kalean zeuden oinezko batzuek martxa gelditu dute.

Gaur izan diren dardaren mapa. Argazkia: IGN

Hasiera, Markalainen kokatu du IGNk (Sustapen Ministerioaren parte da) epizentroa, 5 km-ko sakoneran, baina, handik gutxira okerra zuzendu eta Orkainen izan dela zehaztu du.

Lehen sismotik bost minutu ingurura, Richter eskalan 2,5 graduko indarra hartu duen beste berri bat erregistratu dute, Eguesen, zehaztu ez duten sakoneran.

Bigarren sismoaren kokapena. Argazkia: IGN

Erreplikak espero dira

Bestalde, gaur goizeko lurrikararen ondotik erreplikak egotea aurreikusi dute, baina litekeena da ahulagoak izatea, Carlos Gonzalez IGNko kideak EFEri azaldu dionez.

Gaurkoa bezalakorik gertatzea "nahiko normala" da, Pirinioen gune sismikoaren eraginpean baitago. Gonzalezen esanetan, 1982tik erregistratu den 4 graduko edo lautik gorako seigarren sismoa da.

Beste erreplikaren bat ere egotea espero dute, baina orduak igaro ahala izateko aukera gutxiago daude, eta litekeena da bihar bat ere ez egotea, erantsi du Gonzalezek.

Arraila zabaldu den etxe bateko horma, Orkainen. Argazkia: EFE

SOS Nafarroak ez du irteerarik egin

Foru Gobernuak baieztatu du SOS Nafarroa zerbitzuak ez duela ekipo bat ere ez mugiarazi lurrikararen ondorioz.

Zehaztu duenez, dardara "Iruñerria osoan sentitu da, epizentroa lurrazaletik oso gertu izan duelako", halere, "momentura arte ez da kalte materialik ezta zauriturik zenbatu".

Larrialdietarako zerbitzuak, baina, "ehunka dei jaso ditu, hori dela eta, lurrikararen gaineko informazioa izateko 112 zenbakira ez deitzea eskatu die herritarrei, soilik kalteen berri emateko".

Gobernuaren datuen arabera, Nafarroako eraikinen kalitatearen maila nazio mailakoa baino altuagoa da, eta arrisku sismikoa "txikia" da.

Orkainen gaurko argazkia. Iturria: EFE

Albisteak (1)

Bideoak (2)