Zentral nuklearra
'Herri olatuak' Garoña betiko ixtea ekar dezakeela uste dute aurkakoek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Araba Garoñarik Gabe plataformak manifestazioa deitu du larunbaterako Gasteizen eta 250 kolektibo inguruk bat egin dute deialdiarekin.
Larunbaterako Gasteizen deitutako manifestazioan "herri olatua" sortzea eta zentral nuklearra berriro ez irekitzea espero du Araba Garoñarik Gabe plataformak. Halaber, Espainiako Gobernuak zentrala behin betiko itxi dezan neurriak hartzeko eskatu die alderdi politikoei.
Manifestazioa arratsaldeko zazpietan aterako da Andre Maria Zuriaren plazatik. Arabako 250 kolektibo inguruk deialdiarekin bat egin eta manifestua sinatu dute. Aipaturiko manifestuan, Garoña behin betiko ixteko konpromisorik hartu ezean PPren Gobernuarekin akordiorik ez egiteko eskatu diete deitzaileek alderdi politikoei.
Zenbait alderdi politikok —EH Bildu, PSE-EE eta Equo— manifestazioarekin bat egin dute.
Gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan, larunbateko manifestazioan parte hartzeko dei egin die Alberto Frias Araba Garoñarik Gabe plataformako bozeramaileak herritarrei. Haren esanetan, "jendetsua eta historikoa" izango da.
Halaber, Espainiako Diputatuen Kongresuan legez besteko mozioak eta proposamenak aurkezteari uzteko eta Garoña behin betiko ixteko lege proposamena egiteko eskatu diete alderdi politikoei.
Espainiako Diputatuen Kongresuko alderdi politiko guztiek, PP izan ezik, Garoñako zentral nuklearra berriz ez irekitzeko exijitu zioten martxoaren 7an Espainiako Gobernuari. Era berean, segurtasun baldintzetan zentrala eraistea eta kaltetutako eskualdearen berrindustrializazio plana jorratzen duen eskaria egin zioten Rajoyren Gobernuari.
ren Gobernuari.