Pirateria
Telebista Internet bidez legez kanpo ematen zuen sare bat desegin dute
Agentziak | Erredakzioa
Ordainpekoak ziren 1.000 telebista-kanal baino gehiagoren seinalea zabaltzen zuen, Interneteko zerbitzuak ematen zituzten (ISP) bi enpresaren bitartez.
IPTV seinale bidez (IP-Internet bitarteko telebista) 1.000 telebista kanal baino gehiagoren seinalea legez kanpo hedatzen zuen Europako hornitzaile nagusietakoa desegin du Poliziak; horrez gain, zortzi pertsona atxilotu ditu (zazpi Malagan eta beste bat Bulgarian) operazio berean.
Polizia Nazionalak ohar baten bidez jakitera eman duenez, Erresuma Batuko futbol profesionala antolatzen duen The Football Association Premier League erakundearen salaketa jaso ostean abiatu zen ikerketa. Salaketa horren arabera, Espainian bizi zen daniar batek ISP edo Interneteko zerbitzuak ematen zituen enpresa baten jabe zen Malagan, eta horren bitartez Europar Batasuneko mila bezerori telebista-seinalea ematen zien legez kanpo.
Poliziak ikerketari esker egiaztatu ahal izan zuen Bulgarian beste ISP bat zeukala, Malagakoarekin lotuta, eta Europako beste herrialde batzuei ematen zien seinalea horrekin.
Bi enpresek jarduteko era bera zuten: legezko eran zeuden ezarrita eta modu paraleloan egiten zuten lan. Sona zuten Internet bidez legez kanpoko hornidura ematen, eta zerbitzua nori eman hautatzeko gaitasuna zuten.
Espainian eta Bulgarian aldi berean hamabi miaketa eginda, seinalea legez kanpokoa zela egiaztatu zuten, eta zerbitzariak deskonektatu eta atzitu zituzten.