Ongi Etorri Errefuxiatuak
Gernikak errefuxiatuen aldeko biltzarra hartuko du gaur
agentziak | erredakzioa
Euskal Herri osotik 5.000 pertsonatik gora bertaratuko da oinez edo bizikletan udalerri bizkaitarrera. Biharko mahai inguruak eta tailerrak antolatu dituzte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gernikak errefuxiatuen aldeko biltzar bat hartuko du gaur eta bihar, eta milaka pertsona elkartuko dira errefuxiatuen egoeraren aurrean gobernuek erakusten duten indiferentzia salatzeko, antolatzaileek azaldu dutenez.
Mobilizazio horrek Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenarekin egiten du bat, eta bertaratzen direnek gerren kontra protesta egiteaz gain, errefuxiatuak "ongietorriak" direla aldarrikatuko dute.
Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia Plataformak antolatu ditu ekitaldiak, errefuxiatuen aldeko gainerako euskal elkarteekin lankidetzan, eta oinez, bizikletaz eta beste modu batera Gernikara hainbat herritatik joango diren lagunen martxarekin hasiko dira.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Euskal Herri osotik 5.000 pertsonatik gora joango dira oinez eta bizikletaz. Gernikara bidean manifestariak elkartuko zaizkie, herrietatik pasa ahala.
Manifestari zutabeak, Europako beste leku batzuetatik ere etorritako jendearekin osatuak, Muxikan batuko dira, eta bertatik Gernikaraino elkarrekin joango dira.
Gernika sarreran Ignacio Robles egongo da zain, Arabia Saudira armak bidaltzeko kontrol batean parte hartzeari uko egin zion suhiltzailea, eta malko bat emango dio Maryam Fathy errefuxiatu kurduari, Picassoren "Guernica"rekin lotutako sinboloa.
Bihar, berriz, tailerrak eta mahai-inguruak egingo dituzte errefuxiatuen, antimilitarismoaren, xenofobiaren, feminismoaren, antikapitalismoaren, harreraren, Hegoaldeko mugaren eta desobedientziaren inguruan, eta 600 lagunek baieztatu dute parte hartuko dutela.