Zubieta
Elkarretaratzeak Gipuzkoako hainbat herritan, erraustegiaren kontra
eitb.eus
Donostian, Aldundiaren egoitzaren aurrean egin dute protesta "Erraustegirik ez, ez gure izenean" lelopean, eta erraustegiaren proiektua gelditzeko eskatu diete agintariei.
Errausketaren aurkako mugimenduak deituta elkarretaratzeak egin dituzte Gipuzkoako hainbat udalerritan. Asteazkenean eraikitzen hasiko diren Zubietako plantaren kontrako protestak izan dira, eta Donostian jende andana elkartu da.
Gipuzkoako hiriburuan, Aldundiaren egoitzaren aurrean egin dute protesta "Erraustegirik ez, ez gure izenean" lelopean, eta erraustegiaren proiektua gelditzeko eskatu diete agintariei.
Adierazi dute ezin dela inposatutako erraustegi bat onartu, eta gogoratu dute datozen 35 urteetan herritarren osasuna, ingurumena eta ekonomia gogor kaltetuko dituela.
Era berean, gaineratu dute Gipuzkoak ongi baino hobeto erakutsi duela badagoela alternatiba hondakinak errausteari, Gipuzkoako udalerrien erdia baino gehiagotan kudeaketa alternatiboa egiten dutelako. Bide horri jarraitzea beharrezkoa dela esan dute.
Erraustegia oraindik eraiki gabe egotea herritarrek lorturiko garaipena dela ere esan dute.
Asteazkenean hasiko dira erraustegia eraikitzeko lanak, Zubietan. 2013az geroztik egon dira geldirik, urte hartako azarotik.