San Fermin 2017
Hauek dira Sanferminetako txupinazoa jaurtitzeko lau hautagaiak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Andrea-Lunes Lilas, Bilgune Feminista, DYA eta Iruñea Harrera Hiria elkartea sozialak hautatu dituzte. Herritarrek aukeratuko dute orain, boto bidez, zeinek jaurtiko duen txupina.
Dagoeneko publiko egin dituzte aurtengo Sanferminetako txupinazoa jaurtitzeko lau hautagaiak: Andrea-Lunes Lilas, Bilgune Feminista, DYA eta Iruñea Harrera Hiria elkarteak.
Orain, bozketa publikoa abiatuko da, ekainaren 5etik 22ra, Erabaki Pamplona webgunearen, 010 telefono zenbakiaren eta Civivox sarearen bitartez. Berdinketa egonez gero, batera jaurtiko lukete txupina irabazleek.
Lau hautagaiak elkarte sozialak dira, elkartasunezkoak: bi emakumeen eskubideen aldekoak dira; beste batek migratzaileak defendatzen ditu, eta azkenak errepide istripuak artatzeko boluntarioak biltzen ditu.
Andrea-Lunes Lilas elkarteak gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alde lan egiten du urte osoan, jaietan ere bai, eta kutsu sexistak duten ekimenak kentzeko proposamenak egin ohi dituzte.
Bilgune Feminista 2002an jaio zen, eta aldarrikatzen du feminismoak parte hartu behar duela aldaketa politikoetan eta sozialetan.
DYA bolutarioek osatzen dute, eta errepideetan, itsasoan eta mendian egon ohi diren istripuetako biktimak artatzea du helburu. Nafarroako lehen anbulantzia medikalizatua harena izan zen.
Iruñea Harrera Hiria proiektu internazionalista bat da, errefuxiatuak artatzeko eta gizartean sentsibilizazio kanpainak egiteko.