Itxi

Ustelkeria futbolean

Villarri 300.000 euroko fidantza jarri dio epaileak, espetxetik ateratzeko

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Era berean, 150.000 euroko bermea ezarri dio Kirol Zuzenbidean aditua den Gorka Villarri. Epaileak ez du uste ihes egiteko arriskurik dagoenik.

Villarri 300.000 euroko fidantza jarri dio epaileak. Argazkia: EFE

Santiago Pedraz epaileak 300.000 euroko bermea ezarri dio Angel Maria Villar Espainiako Futbol Federazioko (RFEF) presidente ohiari, beste horrenbesteko fidantza Juan Antonio Padron Espainiako Futbol Federazioaren presidenteorde ekonomikoari, eta 150.000 eurokoa Kirol Zuzenbidean aditua den Gorka Villarri. Uztailaren 20tik daramatzate hirurek Soto del Realgo espetxean.

Auzitegi Nazionaleko magistratuak ez du uste ihes egiteko arriskurik dagoenik, eta arrazoi horregatik erabaki du hirurei baldintzapeko aske egoteko aukera emango dien fidantza ezartzea. Espailearen arabera, nahikoak dira Soule operazioaren baitan egindako atxiloketak eta orain arte hartutako kautelazko neurriak.

Hirurek fidantza ordaintzen badute eta kartzelatik irteten badira, astean behin beren etxetik gertuen dagoen epaitegietara joan eta epailearen aurretik igaro beharko dute. Era berean, pasaportea eman beharko diote eta ezingo dira Espainiar Estatutik atera. Halaber, eguneko 24 orduetan non dauden jakiteko beharra ezarri die epaileak, eta beren telefono zenbakiak eman beharko dizkiote horretarako.

Pedrazen ustez, orain arte hartutako neurriak (oraindik ikertu gabe dagoen dokumentazio guztia edota lekukoen eta auzipetuen adierazpenak) kontuan hartuta, ez dago akusatuek ikerketa oztopatzeko eta probak ezabatzeko arriskua. Gainera, kautelazko neurriak (enbargoak eta kontu korronteen blokeoa) ezarri dituela gogorarazi du Santiago Pedrazek.

Auzitegi Nazionaleko epailearen iritzian, 51,7 milioi euroko galerak eragin dizkiote hiru akusatuek Espainiako Futbol Federazioari.

Egoera horren aurrean, uztailaren 25ean Espainiako Kirol Batzorde Gorenak (CSD) urtebetez gaitasungabetu zituen Angel Maria Villar Espainiako Futbol Federazioko (RFEF) presidentea eta Juan Padron presidenteordea. Bi egun geroago, Villarrek dimisioa eman zuen UEFAko (Europako Futbol Elkarteen Batasuna) presidenteorde eta Batzorde Exekutiboko kide gisa.

Albisteak (4)