Itxi

Fikziozko mehatxu kosmikoa

NASAk defentsa ahalmena neurtuko du asteroide batekin, urriaren 12an

agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

Aurretik ere egin ditu probak, asteroideren batek Lurra jotzeko arriskua sortzen denean prest egoteko, baina inoiz ez benetako asteroide batekin.

Asteroidea ez da gugandik 4.800 km baino gutxiagora egongo. Argazkia: NASA

NASAren Planetaren Defentsarako Koordinazio Bulegoak benetako asteroide batekin egingo du proba lehen aldiz, urriaren 12an, Arizonako Unibertsitateak (berak ere parte hartuko du proiektuan) jakinarazi duenez.

Platenaren defentsan lan egiten duten behatoki sarea eta zientzialariak martxan jartzea da helburua, Lurra mehatxu kosmiko bati aurre egiteko prest ote dagoen jakiteko.

Proban erabiliko duten asteroideak 2012 TC4 du izena, eta gugandik 4.800 kilometrora egongo da, gehienez, urriaren 12an. Ez du inolako arriskurik ekarriko.

Aurretik ere egin ditu probak NASAk, asteroideren batek Lurra jotzeko arriskua sortuko balitz, arrisku horri aurre egiteko prest egoteko, baina inoiz ez benetako asteroide batekin.

Vishnu Reddu Arizonako Unibertsitateko Ilargi eta Planeta Laborategiko zientzia irakasleak egoera errealago bat aztertzea proposatu zuen, 2012 TC4 asteroidea erabilita, eta oniritzia eman zioten horren proposamenari.

Reddyk ohar baten bidez adierazi zuenez, proba horrekin galdera bati erantzun nahi diote: "Zenbateraino gaude prest hurrengo mehatxu kosmikoari aurre egiteko?".

Hala, entseguaren helburua, 2012 TC4 berreskuratu, arakatu eta Lurraren aurka jo lezakeen objektu baten izaera ematea da, sistema martxan jarri eta behatuz, aurrea hartuz eta komunikazioak eginez.

Asteroideak 30 eta 100 oin inguruko luzera du (9,15 eta 30,5 metro artean), hau da, 2014ko otsailaren 15ean Txeliabinsken (Errusia) talka egin zuen asteroidearen antzekoa da.

"Taldea mundu osoko dozena bat behatoki, unibertsitate eta laborategik osatuko dute, dauzkagun indarrak eta mugak zeintzuk diren ezagut ditzagun, planetaren defentsari dagokionez", esan du Reddyk.