Kargatzen...
Itxi

Ikerketa

Zelulak bonba-furgonetak erabili nahi izan zituen atentatua egiteko

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Alcanar herrian gertatutakoak, aldiz, plana aldatzera behartu zuen; ikertzen ari dira antolatutako zelula bat, hamar bat kidek osatua.

Terroristek plan bat zuten, baina aldatu behar izan zuten, Poliziaren iritziz. Argazkia: EFE.

Bartzelona eta Cambrilseko sarraskia egin zuten terroristak zelula bateko kideak ziren, eta asmoa zuten atentatua bonba-furgonetak erabiliz gauzatzea; hala ere, Tarragonako Alcanar herrian izandako leherketak planak aldatzera behartu zituen; izan ere, bertan lehergailuak zituzten. Hori dela eta, azkenean, erabaki zuten jendea harrapatzea.

Terrorismoaren aurkako iturriek hala uste dute, Eferi esan diotenez; dena den, oraindik aztertu behar dituzte ikerketan ateratako arrasto guztiak.

Argi dago, baina, gauza bat: antolatutako zelula bat dela, hamar bat kidek osatua. Haien artean erlazio handia dago, familiakoak ere izanik.

Horrez gain, iturri juridikoek ere esan diote Eferi antolatutako zelula dela; izan ere, ekintzak lagun bakar batek egin ditzakeenak baino handiagoak izan dira.

Bi edo hiru bonba-furgoneta

Ikerketaren xehetasun gehiago ezagutzea falta bada ere, iturriek uste dute Alcanarreko txaletean ari zirela prestatzen bi edo hiru bonba-furgoneta, tamaina handiko atentatua gauzatzea xede.

Hala ere, asteazken gauean leherketa izan zen bertan, eta planak bertan behera utzi zituen horrek. Lagun bat hil zen, ondorioz. Handik gutxira, beste leherketa bat izan zen.

Etxean, maizterrak lehergailuak ari ziren prestatzen, atzo baieztatu zenez.

Albisteak (6)