BARTZELONAKO ATENTATUA
Esquadra Mossoek Bartzelonako atentatuaren egilea tiroz hil dute
Agentziak | Erredakzioa
Hildakoa Younes Abouyaaqoub Ramblako erasoaren egilea dela baieztatu dute. Polizia-operazioa Subirats herrian (Bartzelona) egin dute.
Esquadra Mossoek Bartzelonako Rambla pasealekuan izandako atentatuaren ustezko egilea, Younes Abouyaaqoub, tiroz hil egin dute. Hala baieztatu du Kataluniako Poliziak.
Younes Abouyaaqoub Sant Sadurni eta Subirats herrien arteko mahasti batean topatu du patruila batek, lekuko batek ingurune horretan egon zitekeela jakinarazi ostean.
Josep Lluis Trapero Esquadra Mossoen buruzagiak agerraldia egin du polizia-operazioaren inguruko xehetasunak emateko.
Poliziak ikustean, bonba-gerriko bat zeramala ohartarazi eta "Ala handia da" oihukatu du. Soinean zeraman gerrikoa lehergailuz osatuta ez zegoela egiaztatu dute gero. Cambrilsen (Tarragona) hildako jihadistek ere simulatutako bonba-gerrikoak erabili zituzten.
Traperok zehaztu duenez, lekukoek antzeman dutenean bakarrik zegoen, baita agenteek tiroz hil dutenean ere.
Horrenbestez, desegintzat eman dute Bartzelona eta Cambrilseko (Tarragona) atentatuak burutu zituen taldea. Eskuadra Mossoen arabera, talde hori 12 lagunek osatzen zuten, lau epailearen esku utzi dituzte eta gainerako guztiak hilda daude.
Alabaina, ikerketak aurrera egin ahala talde horrekin lotutako beste pertsona batzuen izenak agertzea ez dute baztertzen.
Vilafranca del Penedes (Bartzelona) komisariako zuzendariak eta zuzendariordeak antzeman dute Abouyaaqoub arratsalde honetan Sant Sadurni d?Anoia, tren geltokitik hurbil. Iheslariaren inguruko informazioa jasotzeko bilera batetik ateratzean ikusi dute, hain justu ere.
Horrez gain, Subirats herriko bizilagun batek Kataluniako Poliziari deitu dio Bartzelonako erasoaren egilea ikusi duela ohartaraziz. Deigarria egin zaio gaur egin duen bero handiarekin gizonezkoak mahuka luzedun alkandora eramatea eta orduan ohartu da nor zen.
Mossoen patruila bat berehala bertaratu da zonalde horretara eta mahasti batean ezkutatuta topatu dute Abouyaaqoub. Honek "Ala handia da" oihukatu eta alkandora zabaldu du, soinean lehergailu bat zeramala itxurak eginez. "Une horretan agenteak tiroka hasi dira eta hil egin dute", esan du Kataluniako Poliziaren arduradunak.
Rambla pasealekuko erasoa gauzatzeko erabili zuten furgonetan topatutako aztarnekin alderaketak egin ostean, hildakoa Younes Abouuyaaqoub zela baieztatu dute.
Atentatuaren ostean gazte bat hil zuen, hari autoa lapurtu eta ihesi joateko. Gaur hainbat labana topatu dizkiote. Erasoan horietako bateren bat erabili ote zuen aztertzen ari dira orain.
Ripolleko imama Alcanarren hil zen
Gainera, Esquadra Mossoen buruzagiak baieztatu du Ripolleko (Girona) imama, Abdelbaki Es Satty, Tarragonako Alcanar herriko txaletean izandako leherketan hil zela. Imamak garrantzi handia izan zuen zelularen sorreran; txalet horretan, ustez, erasoak prestatzen ibili ziren, hainbat hilabetean.
Traperok aseguratu duenez, Alcanarreko etxean topatutako gorpuzkiei DNA probak egin dizkiete; horrela ondorioztatu dute imama hil zela, beste terrorista batekin batera, leherketan.
Ikertzaileen hipotesi nagusia da imama oinarrizkoa izan zela zelulako gainerako hamaika kide erradikalizatzeko; Ripollen bizi ziren gazte batzuek osatu zuten zelula hori.