Ez dute araudia betetzen
Donostiak Toledoko Artzapezpikutzaren bi etxebizitza turistiko itxi ditu
Agentziak | Erredakzioa
EH Bilduk deitoratu du aukera dagoela ordenantza berriak ken dezan, hainbat auzotan, horrelako etxebizitzak lehen solairutik gora egoteko debekua ezartzen duen araua.
Donostiako Udalak Toledoko Artzapezpikutzak hirian zituen bi etxebizitza turistiko ixteko agindua eman du; izan ere, ez zuten horrelako pisuen udal-araudia betetzen.
Udal-iturriak eta Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak baieztatu dutenez, bi etxebizitzak Txurruka kalean daude, hiriko erdigunean. Arau bat urratzen dute, alegia, pisu turistikoak ezin direla eraikinetako lehen solairutik gora egon zehazten duen araua.
'Biek urratzen dute udal-araua, lehen solairutik gora baitaude', esan du Burutaranek.
Hain zuzen, bi etxebizitzak eraikineko seigarren solairuan daude, EFEri udal-iturriek baieztatu diotenez.
Espedientea maiatzean ireki zuten; Artzapezpikutzak alegazioak aurkeztu zituen uztailaren 10ean, eta, horiek aztertuta, Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak abuztuaren 8an sinatu zituen bi itxiera-aginduak, xede izanik jarduera turistikoa etetea bi etxebizitxetan.
Toledoko Artzapezpikutzaren bi etxebizitza hauek Donostiako erdigunean daude, hau da, hiriko gune garestienetako batean.
Alegazioetan, Artzapezpikutzak dio bi etxebizitzak zuzen daudela erregistratuta Eusko Jaurlaritzaren establezimendu turistiko moduan.
EH Bilduk kexa adierazi du: aukera dago ordenantza berriak baimena emateko etxebizitza turistikoak lehen solairutik gora koka daitezen
EH Bilduko zinegotziak Donostiako etxebizitza turistikoak arautuko dituen ordenantza berriaz hitz egin du; ohartarazi duenez, 'akats larria' litzateke kentzea, auzo batzuetan, horrelako pisuak lehen solairutik gora egoteko debekua ezartzen duen araua.
Neurri horrek egingo lukeen bakarra izango litzateke, Burutaranen esanetan, etxebizitza turistikoen arazoa hiriko beste gune batzuetara eramatea; halaber, 'praktika txarrak kontrolatzeko baliabide on bat' deuseztatuko luke.
EH Bilduk gogorarazi du badagoela horrelako etxebizitzak arautzeko araudi bat; hala ere, esan dutenez, Udalak ia-ia ez du ezer egin.
Dena den, koalizioak uste du ondo dagoela beste ordenantza bat izatea, beti ere sektorea 'arautzeko', ez 'liberalitzatzeko'; EH Bilduk uste du azken hori dela EAJ eta PSEk osatzen duten udal-gobernuaren asmoa.