Itxi

Adingabeak aitarekin daude

Fiskaltzak kendu du Juana Rivas kartzelan sartzeko eskatzen zuen helegitea

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Rivasek epailearen agindua bete ostean erabaki du; hain zuzen, bi semeak bikotekide ohiari ematera behartzen zuen agindua.

Juana Rivas, epaitegiaren ondoan. Argazkia: EFE.

Fiskaltzak kendu du Juana Rivas abuztuaren 22an aske uzten zuen erabakiaren aurkako helegitea, eta ez du eskatuko emakume hori kartzelan sar dadila. Fiskaltzak uste du haren 'ustezko delitu-egoera' amaitu egin dela, Rivasek epailearen agindua bete duelako; izan ere, astelehen honetan bi semeak aitaren esku utzi zituen. Aita, Juana Rivasen bikotekide ohia, kondenatua izan zen 2009an, etxe-eremuan lesioak eragitea egotzita.

Hala adierazi diote Eferi Fiskaltzaren iturriek; horien arabera, Ministerio Publikoak aztertu du aurreko asteartean guardiako epaileak emandako autoaren aurkako bere iritzia. Helegitea Juana Rivasen auzian izandako aldaketen berri izan baino lehen aurkeztu zuten: orain, hamaika eta hiru urteko adingabeak Franceso Arcuri aitak ditu, Italian.

Hori dela eta, Fiskaltzak astearte honetan bertan aurkeztu du idazki bat, apelazio-helegitea kentzeko asmoarekin; Granadako 2. Instrukzio Epaitegiaren aurrean aurkeztu zuen helegitea; izan ere, epaitegi hori ari da ikertzen Juana Rivas ustezko desobedientzia judizialagatik eta ustez adingabeak lapurtzeagatik.

Helegitean, behin-behineko kartzela eskatzen zuten Juana Rivasentzat, fidantzarik gabe; orain, baina, fiskalak bere egiten du guardiako epailearen irizpidea. Besteak beste, kontuan izan ditu emakume ikertuak ez duela aurrekari penalik eta ez dagoela 'ihes egiteko arriskurik'.

Abuztuaren 22an atxilotu zuten

Juana Rivasek atxilotu bezala deklaratu zuen abuztuaren 22an; uztailaren 26an utzi beharko zituen aitaren esku bi umeak, baina ez zuen egin.

Ministerio Publikoak behin-behineko kartzela-zigorra eskatu zuen harentzat, fidantzarik gabe; izan ere, argudiatu zuen ez ziela erantzun fiskalaren galderei, eta ez zuela umeen egonlekuaren gaineko daturik eman.

Albisteak (3)