Itxi

Epaiketa berria

Pablo Ibarren aurkako epaiketaren data berria ezarri dute: martxoaren 5a

EiTB.EUS

Leer en Castellano

Epailearen agendan egindako aldaketa baten ondorioz atzeratu dute epaiketa, Pablo Ibar elkarteak eitb.eus-i baieztatu dionez.

Ibar, epaiketa aurreko saio batean. EFE

Data berria ezarri dute Pablo Ibar euskal jatorriko AEBko presoaren kontrako epaiketa abiatzeko. Pablo Ibar elkarteak eitb.eus-i baieztatu dionez, 2018ko martxoaren 5ean hasiko da, otsailaren 28aren ordez.

Izan ere, Lisa Porter epaileak otsailerako ezarri zuen prozesuaren abiatzea, baina bere agendaren aldaketa batzuk tarteko, atzeratzea erabaki du azkenean. Epaimahaia osatu eta gero abiatuko da.

1994tik preso dago Ibar hiru pertsona (Casimir Sucharsky gaueko klub bateko jabea eta Sharon Anderson eta Marie Rogers modeloak) hiltzea egotzita. 1998an egin zuten haren kontrako lehen epaiketa, baina epai aho batez hartu ez zenez, baliogabe jo zuten. Bi urte geroago, baina, heriotza zigorra ezarri zioten Ibarri. Euskal jatorriko gizonak ti esan du errugabea dela eta epaiketa ez zela bidezkoa izan.

2016an, heriotza zigorra baliogabe utzi zuen Floridako Auzitegi Gorenak, eta epaiketa berria egitea agindu.

Epaiketa honetan ere zigor eskaera horri eutsiko diola iragarri du Fiskaltzak.

Presoaren senitartekoek eta Pablo Ibar elkarteak crowdfunding kanpaina bat abiatu zuten duela hilabete batzuk gizonaren defentsa ordaintzeko.

Albisteak (3)