Astronomia
Florence, gaur Lurretik gertu pasatu den asteroide handia
Agentziak | Erredakzioa
Gure planetatik hain gertu igaro den orain arteko asteroiderik handiena izan da.
Florence asteroidea, ostiral honetan Lurretik zazpi milioi kilometrora igaro dena, gure planetatik hain gertu pasatu den orain arteko asteroiderik handiena izan da.
"Nahiz eta ezagutzen ditugun hainbat asteroide Florence baino gertuago pasatu diren Lurretik, txikiagoak ziren guztiak", esana zuen Paul Chodas AEBko Agentzia Aeroespazialeko (NASA) kideak.
NASAko neurketen arabera, Florencek 4,4 kilometroko luzera dauka, eta Lurraren eta Ilargiaren artean dagoen tartea baino 18 aldiz distantzia handiagora igaro da. Beraz, ez du inolako mehatxurik ekarriko, NASAren esanetan.
Alabaina, bere bolumenak Lurretik horren hurbil igaro den orain arteko asteroiderik handiena bihurtu du, betiere NASAk Lurretik gertu dauden asteroideak antzemateko programa abiatu zuenetik kontuan hartzen bada.
2.500 urtera arte ez da berriz bueltatuko, eta, ondorioz, gaurkoa hura ikertzeko aukera bakanetakoa izan da astronomoentzat.
"Aurreikuspenen arabera, 13,53 kilometro segundoko abiaduran bidaiatuko du, eta behaketarako objektu aparta izango da lurreko radarrentzat", adierazia zuen NASAko ordezkariak.
Radarrek atera dituzten irudiek asteroidearen tamaina zehaztasun gehiagoz ezagutzea ahalbidetuko dute, baita haren topografia, errotazioa, egitura eta orbitaren ibilbidea ere.
Astronomoen hitzetan, teleskopio txikiekin zein binokularrekin ikusteko bezain handia zen Florence, eta oso geldo doan "izar" baten itxura hartuko zuen.