Seigarren edizioa
Expogrow azokak kalamu sektoreko 180 enpresa bilduko ditu Irunen
Agentziak | Erredakzioa
Azokak Ficoba erakustazokako lau pabiloi hartuko ditu aurten. Iaz 76.000 lagunek bisitatu zuten Expogrow.
Guztira, 165 erakusketari eta 180 enpresa bilduko dira Expogrow azokako seigarren edizioan. Kalamuaren munduarekin lotutako ekitaldiak asteburu honetan du hitzordua, Irunen (Gipuzkoa).
Profesionalak, adituak eta publikoa erakartzen dituen azoka urtero handiagoa da. Aurten Ficoba erakustazokako lau pabiloi hartuko ditu, antolatzaileek gaur agiri batean azaldu dutenez.
2015ean egin bezala, ostiral goizean enpresek negozioa egingo dute, nazioarteko zein bertako konpainiek.
Bestalde, kalamuaren erabilpen terapeutikoa ardatz izango duten saioak antolatu dituzte. Larunbatean, aktibismoak, arriskuen murrizketak, arautze prozesuek edo laborantzak tokia izango dute.
Kalamuaren Nazioarteko Foro Soziala
Joseba del Valle azokako antolatzaileak agiri batean goraipatu duenez, Kalamuaren Nazioarteko Foro Soziala “ekitaldi nagusietako” bat izango da. Del Valleren hitzetan, batzarra “kalamuaren eta droga politiken eztabaidaren erreferentzia bihurtu da”.
Aurten formatu berria izango du. Agertokia eta kantadera baztertu, eta mahai-inguruak antolatu dituzte, bisitariek eta gonbidatuek iritziak partekatzeko.
Musika
Besteak beste, Chambao, Natasha Rogers, London Afrobeat Collective eta Diry South Crewk joko dute Expogrowko musika jaialdian.
Iaz 76.000 lagunek bisitatu zuten azoka, eta 2 milioi euro sortu zituen, aurreko edizioan baino % 19 gehiago.