Genero indarkeria
Lau gizon atxilotu dituzte Nafarroan, indarkeria matxista leporatuta
Agentziak | Erredakzioa
Bikotekideei edo bikotekide ohiei eraso egitea egotzi diete horietako hiruri, eta, beste bati, urruntze agindua urratu izana leporatu diote.
Foruzaingoak lau gizonezko atxilotu ditu azken egunotan Tafallan, Mendabian eta Leitzan, genero indarkeria delituak leporatuta. Bikotekideei edo bikotekide ohiei eraso egitea egotzi diete horietako hiruri, eta, beste bati, urruntze agindua urratu izana leporatu diote.
Joan den ostiralean, Leitza ondoko udalerri batean gizonezko bat atxilotu zuten foruzainek. Eztabaidan ari zen bikote bat ikusi zuten bertan, eta gizonezkoak emakumeari eraso egin ziola ohartu ziren. Arrazoi horregatik, lekuan bertan atxilotu zuten, genero indarkeria delitua leporatuta.
Foruzaingoak igande honetan jakitera eman duenez, egun horretan bertan beste gizon bat atxilotu zuten Tafallan. Bigarren atxilotuari dagokionez, emakumeak mehatxuak eta tratu txarrak jasan zituen, adinez txikikoak diren seme-alaben aurrean.
Urriaren 6an, bikotekide ohia iraindu, jipoitu eta mehatxatu zuen gizonezko bat atxilotu zuten Mendabian. Biktima erietxera joan zen, eta bertan egindako lesio-partea bat zetorren foruzainen aurrean jarritako salaketarekin.
Atzo, larunbata, epaile batek ezarritako urruntze agindua urratu zuen gizonezko bat atxilotu zuten Nafarroan. Bikotekide ohiak jarritako salaketaren arabera, gizona behin baino gehiagotan hurbildu zen beragana, epaileak 200 metrora hurbiltzeko debekua ezarri zion arren.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.
uzten fakturan.