Itxi

NAFARROA

Sanferminetako taldekako bortxaketaren epaiketa ateak itxita egingo da

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Nafarroako Auzitegiak ohar bidez jakinarazi duenez, salatzailearen 'intimitaterako oinarrizko eskubidea' babestu behar da.

Sexu erasoak salatzeko elkarretaratzea, Iruñean. Artxibook argazkia: EFE

2016ko sanferminetako taldekako bortxaketaren epaiketa ateak itxita egingo da, Nafarroako Auzitegiko 2. Sekzioak erabakita. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ohar bidez jakinarazi duenez, salatzailearen "intimitaterako oinarrizko eskubidea" babesteko eta salatzailearen zein bost akusatuen esposizio publikoa zaintzeko hartu du erabakia.

Auzitegiak bere autoan debekatu egin du biktimaren nortasunaren inguruko informaziorik zabaltzea, zeharka edo zuzenean, eta baita horren edota horren senideen irudiak ateratzea, zabaltzea eta argitaratzea ere. Magistratuen arabera, epaiketako aktan gehitutako informazioari lotuta daude aipaturiko bi debeku horiek. Halaber, autoak debekatu egiten du azaroaren 13tik 24ra bitartean egingo den epaiketako aretoan esaten edo ikusten diren bideoak zabaltzea. Behin-behinean espetxean dauden akusatuei dagokienez, Auzitegiak horien irudiak hartzea, zabaltzea eta argitaratzea debekatu du.

Epaimahaiak epaiketaren publikotasunari buruzko iritzia eskatu zien aldeei. Defentsaren abokatuak epaiketako saio guztiak ateak itxita egitea eta biktimaren zein horren senideen irudiak ateratzea, zabaltzea eta argitaratzea debekatzeko eskatu zuen. Herri akusazio gisa jardungo duen Iruñeko Udalak eskari horrekin bat egin zuen gero.

Fiskalak, bere aldetik, biktimaren deklarazioa eta epaituko diren egitateen inguruko bideoen eta argazkien erreprodukzioa ateak itxita egitea proposatu zuen, eta magistratuen esku utzi zuen hedabideen presentzia eta horiei epaiketako irudiak grabatzeko aukera ematea. Herri akusazio gisa arituko den Nafarroako Gobernuak ere bat egin zuen planteamendu horrekin.

Bestalde, talde bortxaketan parte hartzeagatik akusatuta dauden bost gizonetako biren defentsak epaiketa ateak itxita egitea eskatu zuen, eta gainerako hirurek, berriz, epaiketa publikoa izatea, salatzailearen deklarazioa salbu. Halaber, akusatuen eta biktimen irudiak ez grabatzea eskatu zuten beren intimitate eta irudi eskubideak babesteko.

Albisteak (5)