Itxi

Epaiketa

Mondragon Taldeko arduradunek ekarpenen auziko epaiketan deklaratuko dute

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Fagor Elektrotresnak eta Edesa kooperatibetan inbertitu zituzten 47 milioi euroak itzultzea exijitzen diote 950 kaltetuk Mondragon Taldeari.

Javier Sotil Mondragon Taldeko presidente ohia eta Iñigo Ucin egungo presidentea. Argazkia: EFE

Mondragon Taldeko eta Fagor Elektrotresnak konpainiako arduradun ohiek lekuko gisa deklaratuko dute kooperatibaren esku zituzten aurrezkiak galdu zituzten 950 kaltetuek abiarazitako prozesu judizialean.

Bergarako epaitegiko epaileak gaur eman du amaitutzat epaiketa hasi aurreko prozedura. Fagor Elektrotresnak eta Edesa kooperatibetan inbertitu zituzten 47 milioi euroak itzultzea exijitzen diote kaltetuek Mondragon Taldeari.

Bi enpresek porrot egingo zutela jakin arren, "informazio engainagarria eman ziguten aurrezkian bertan manten genitzan", salatu dute kaltetuek.

Horrenbestez, hainbat arduradun lekuko gisa deklaratzera deitzeko eskatu diote epaileari. Besteak beste, ondoko hauek: Jose Manuel Gisasola Fagor Elektrotresnetako zuzendari nagusi ohia eta Mondragon Taldeko presidente ohia; Jose Maria Aldekoa eta Javier Sotil Mondragon Taldeko presidente ohiak; Agustin Markaide Eroskiko presidentea eta Mondragon Taldeko Batzorde Iraunkorreko kidea; Fabian Bilbao Fagor Elektrotresnak Taldeko zuzendari nagusi ohia eta Xabier Bengotetxea Fagor Elektrotresnetako Errektore Kontseiluko presidente izandakoa eta Sergio Treviño kooperatiba horretako azken zuzendari nagusia.

Iñigo Ucin Mondragon Taldearen egungo presidentea deklaratzera deitzeko ere eskatu zuten, baina epaileak baztertu egin du aukera hori.

Kaltetuen arabera, aipatu zuzendari guztiek jakin bazekiten zein zen Fagor Elektrotresnak eta Edesa kooperatibetako egoera, baina, hala ere, etorkizuna bermatuta zegoenaren mezua zabaldu zieten langileei eta herritarrei.

Mondragon Taldeak, berriz, ukatu egin du salatutakoa eta inor ez zutela engainatu azpimarratu du ohar baten bidez.

"Kooperatibak autonomoak eta soberanoak dira, eta eurak dira euren enpresa-erabakien erantzuleak", erantsi du.

Gainera, kaltetuek aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, "ezinezkoa da ondorioztatzea Mondragon Taldearen ekarpenak itzultzeko konpromisoa zegoela esatea", azaldu dute.

Horrenbestez, salaketak oinarririk ez duela uste du Mondragonek.

Albisteak (2)