Iruñea
Sanferminetako taldekako bortxaketaren epaiketari ekin diote berriro
Agentziak | Erredakzioa
Gaur eta bihar adituen frogak aztertuko ditu epaimahaiak; asteazkenean, berriz, bost akusatuak galdekatuko dituzte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur, astelehena, ekin diote berriz 2016ko sanferminetan 18 urteko emakume batek bortxaketagatik bost gizonezkoren aurka jarritako salaketaren epaiketari, Iruñeko Justizia Jauregian. Ateak itxita egingo dute saioa, eta adituen frogak aurkeztuko dituzte.
Gaur eta bihar adituen frogak aztertuko ditu epaimahaiak. Litekeena da bost akusatuek grabatutako bideoak asteartean ikustea. Ondoren, asteazkenean, bost akusatuak galdekatuko dituzte. Ostegunean, defentsak proposatutako lekukoen txanda izango da.
Azkenik, ostiralean eta datorren astelehenean (publikoak izango diren saio bakarrak), amaierako txostenak aurkezteaz gain, azken alegatua egiteko eskubidea eskainiko dute.
Azaroaren 13an abiatu zen epaiketa. Bost akusatuei atariko galdeketa egin zieten lehen egunean. Sexu-erasoa, intimitatearen aurkako delitua eta larderiaz egindako lapurreta leporatu diete. Galdeketa horretan, beren burua errugabe jo zuten. Akusatuetako batek, ordea, emakumeari sakelako telefonoa lapurtu ziola aitortu zuen.
Azaroaren 14an, biktimak deklaratu zuen lau orduz. Bost gizonek bortxatu egin zutela berretsi zuen emakumeak, eta adierazi zuen ezin izan ziola erasoari aurre egin, "shock" egoeran zegoelako.
Lekukoen deklarazioa
Horrez gain, erasoa gertatu zen gauean biktima negarrez aurkitu zuen bikoteak deklaratu zuen. Bortxatu zuten ataritik gertu topatu zuten biktima, eta SOS Nafarroari deitu zioten.
Azaroaren 15etik 17rako saioetan, beste lau lekukok hitz egin zuten epailearen aurrean: gaztea artatu zuten Iruñeko Udaleko teknikariak, hain zuzen ere. Emakumea oso "atsekabetuta" zegoela deklaratu zuten, eta eraso zioten zantzuak zituela.
------------------------------------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.