Iruñea
Foruzainen esanetan, bortxaketaren bideoak biktimarentzako 'iraingarriak' dira
Agentziak | Erredakzioa
Akusatuak erasoan grabatu zituzten bideoak ikusi dituzte epaiketaren zazpigarren saioan. Akusazioaren eta defentsaren artean iritzi ezberdinak sortu dituzte bideoek.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Carlos Bacaicoak, 2016ko sanferminetan taldekako bortxaketa salatu zuen gaztearen abokatuak, jakitera eman duenez, foruzainen esanetan, bost auzipetuek grabatutako bideoak biktimarentzako “iraingarriak” dira.
2016ko sanferminetako taldekako bortxaketaren akusatuak grabatu zituzten bideoak epaiketaren zazpigarren saioan ikusi ahal izan dituzte gaur, Iruñeko Justizia Jauregian.
Akusazioaren eta defentsaren artean iritzi oso ezberdinak sortu dituzte bideoek: akusazioaren hitzetan, “nazkagarriak” dira; defentsaren ahotan, ostera, bortxaketarik izan ez zela argi erakusten dute. Gainera, irudiak interpretatu zituzten foruzainek deklaratu dute gaur. Arratsaldean defentsaren eta epaitegiko aditu psikologoen txanda izan da.
Saioko atsedenaldi batean, “bideo nazkagarriak direla bakarrik esan dezaket”, adierazi du biktimaren abokatuak. Bideoak aretoan erakutsi dituzten lehen aldia izan da.
Bestalde, Agustin Martinez Becerra bost akusatuetako hiruren abokatuak azaldu duenez, irudietan harremanaren onespena ikusten dute defentsaren adituek.
Irudiak aztertu zituzten foruzainek deklaratu dute goizean, eta emakumeak borondatez parte hartu ez zuela berretsi dute. Irudiak kontuan hartuta, biktimak “begiak itxita” zituen eta jarrera “pasiboa edo neutroa” izan zuen, foruzainek azpimarratu dutenez.
Saioa 10:00ak aldera hasi da foruzainen testigantzaren ondoren. Hiru orduko iraupena izan du deklarazioak. Sei bideoak banan-banan ikusi dituzte. Auzitegiak minutu batzuetako atsedenaldi bat egitea erabaki du, ondoren bideoekin amaitzeko.
14:00ak aldera defentsako adituen txanda izan da. Horietako batek, hitz gabeko hizkuntzan adituak, 15:30 arte deklaratu du. Txostenean, biktimaren bertsioari sinesgarritasun osoa eman zioten auzitegiko medikuek, eta ezer ez zuela asmatu erantsi zuten. Are gehiago, trauma osteko estresaren nahasmendua zuela goraipatu zuten.
Biktimak trauma osteko estresaren nahasmendua duela baieztatu dute psikologoek
Bestalde, emakumeak trauma osteko estresaren nahasmenduaren sintomak dituela frogatutzat jo dute Madrilgo gaztearen egoeraren inguruko txostena egin zuten epaitegiko psikologoek, Carlos Bacaicoa akusazioko ordezkariak adierazi duenez.
Jesus Perez Perez auzipetutako guardia zibilaren abokatuak, ostera, “harremanak erabateko onespena” izan zuela “ehuneko ehunean frogatu” dela uste du, defentsako adituen testigantza oinarritzat hartuta.
Neskaren txosten psikologikoa egin zuen defentsako teknikariak “traumaren osteko estresaren nahasmendurik izan ez” zela azaldu du, Perezek erantsi duenez.
Martinez Becerraren ahotan, “traumaren osteko estresaren nahasmendurik inola ere ez” dagoela “argi” utzi dute azalpen teknikoek.
Asteazken honetan, bost akusatuen txanda izango da. Astelehen Lilak eta Andrea kolektiboek elkarretaratze isila deitu dute eguerdirako, Nafarroako Auzitegiaren atean.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.