Itxi

Kontsumoa

Black Fridayn iruzurrak eta maulak saihesteko aholkuak

E. L. | eitb.eus

Aurreko egunetan “produktu askoren salneurriak puztu eta ondoren berriro jaisten dituzten” enpresak daudela ohartarazi du FACUAk.

Black Friday. Artxiboko irudia: EFE

Beherapenetan gertatzen den bezala, Black Fridayn denda asko “kontsumitzaileei adarra jotzen” saiatzen dira, FACUA kontsumitzaileen elkarteak salatu duenez. “Produktu batzuen prezioak faltsutu eta beherapen handia dagoela sinestarazi nahi dute, nahiz eta hala ez izan edo salneurria puztuta egon”, kritikatu du elkarteak.

Zentzu horretan, aurreko egunetan “produktu askoren salneurriak puztu, eta ondoren, Black Fridayn (azaroko laugarren ostiralean), berriro jaisten dituzten” enpresak daudela ohartarazi du FACUAk.

FACUAren hitzetan, “irregulartasun horiek kontsumitzaileei iruzurra eta lehia desleiala dira”; izan ere, benetako beherapenak aplikatzen dituzten dendak ere badaude.

Horregatik, erkidegoetako agintariek aldez aurretik eta Black Fridayn bertan ikuskaritza lana ez egitea deitoratu du elkarteak. Zigor ekonomikoak ezarri eta irregulartasunak egiten dituzten denden zerrenda jakitera eman beharko luketela erantsi du.

Produktu askotan ustez aplikatzen diren “beherapen ikaragarriek ez itsutzea” gomendatzen die FACUAk kontsumitzaileei. Horrela, edozer erosi baino lehen, funtsezko hiru osagai kontuan hartzeko gomendioa eman die: azken prezioa benetan arrazoizkoa den, produktua beharrezkoa edo apeta onargarria den, ala gure zorra modu arriskutsuan areagotuko ote duen.

Iruzurren berri emateko eta salatzeko sare sozialetan #TimoBlackFriday etiketa erabiltzea proposatu du FACUAk.

Aholku praktikoak

Bestalde, egun arrakastatsua izateko aholku-sorta eman du OCUk. Horrela, elkarteak produktuak alderatzeko gomendioa eman du; izan ere, produktu bera salneurri oso ezberdinetan aurkitu daiteke toki desberdinetan. Are gehiago, batzuetan merkeagoa izan daitekeen produktu hobea topatu daiteke.

Gainera, beherapenaren alboan salneurri originala edo beherapenaren portzentajea (ala biak) agertu behar dela erreparatu. Nahiz eta beherapenak izan, bermeak betikoak dira: erositako produktuak gabezia edo akatsen bat duen kasuetan bakarrik daude dirua itzultzera beharturik. Damutzen edo okertzen baldin bazara dendek ez daude ezer itzultzera behartuak.

Beherapena duten produktuek betiko kalitatea izan behar dute: akastun produktuak beherapenarekin saltzea legez kanpokoa da. Beherapenetan, dendak baldintza berezi batzuk (txartelarekin ordaintzea ez onartu, itzultzeko politikak aldatu…) aplikatzeko aukera du, baina argi eta garbi iragarri behar du, bezero guztiek ikusteko.

Tiketa edo faktura nahitaezkoa da behar duzuna eskatzeko: gorde eta erreklamazio-orria ematera beharturik egongo dira eskatzen baldin baduzu. Hiru kopia bete behar dira: bat bezeroarentzako, beste bat dendariarentzako eta hirugarren bat Kontsumo Bulegoan aurkezteko.

Internet bidez egindako erosketetan 14 eguneko epea du bezeroak damutzeko eta produktua itzultzeko, horretarako inolako azalpenik eman behar izan gabe: ordaindutako guztia bueltatu beharko dizute. Online ordaintzen baldin bada, onena aurreordainketa txartel, kreditu-txartel edo Paypal batekin egitea da. Transferentziak saihestu, saltzailearengan konfiantzarik izan ezean.

Azkenik, erosketa oldarkorrak ez dira sekula onak izan: behar duzuenaren zerrenda bat egin. Pentsatu, hausnartu… eta berriro alderatu.

Albisteak (1)