1989ko hilketa
AEBk Ignacio Ellacuriaren ustezko hiltzailea Espainiaratu du
Agentziak | Erredakzioa
Inocencio Montano atzo heldu zen Madrilera. El Salvadorren zortzi pertsona, tartean Portugaleteko jesuita, hiltzea leporatu diote.
AEBko Gobernuak Inocente Montano El Salvadorko koronel eta Defentsa ministroorde ohia Espainiaratu du. El Salvadorko Gerra Zibilean (1980-1992) Ignacio Ellacuria jesuita bizkaitarra eta beste zazpi pertsona hiltzea egotzi diote Montanori.
Diplomazia iturrien arabera, akusatuak Atlantako (Georgia) aireportutik Madrilerako bidaia egin zuen atzo.
Azaroaren 15ean eman zuen AEBko Auzitegi Gorenak koronel izandakoa Espainiaratzeko agindua, defentsak aurkeztutako helegite bat atzera botata. Egiaz, 2016ko otsailean agindu zuten estradizioa, baina atzeratzeko eginahalak egin ditu haren abokatuak.
1989ko azaroaren 16an El Salvadorko jesuiten unibertsitatean izandako sarraskia agintzea leporatu diote Montanori. El Salvadorko Armadak Ellacuria Erdialdeko Amerikako Unibertsitatearen (UCA) errektore eta Liberazioaren Teologiaren sortzailea hil zuen, beste zazpi pertsonarekin batera.
Egun hartan "heriotzaren eskuadroi" bat jesuiten unibertsitateko Artzain Zentroan sartu zen, han zeudenak lorategira irtenarazi zituzten eta ahoz behera jartzea agindu zieten. Biharamunean, hilik topatu zituzten, hainbat tiro zituztela.
Ellacuriarekin batera, honakoak hil zituzten: Amando Lopez, Juan Ramon Moreno, Segundo Montes, Ignacio Martin Baro, Joaquin Lopez, Julia Ramos eta horren alaba adingabea, Celina.
Azken bi urteak Ipar Carolinako espetxe batean eman ditu Montanok. Aurrez, 21 hilabeteko zigorra bete zuen bertan, erresidentzia baimenaren inguruan gezurra esateagatik El Salvadorrera ez itzultzeko, sarraskiagatik erantzun beharko zuelako han.