Emakumeen aurkako indarkeria
Lau gaztek sexu-erasoa egin diotela salatu du adingabe batek Barakaldon
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ustezko erasotzaileak ere adin txikikoak omen dira. Erasoa Carmengo trasteleku batean jazo da, ostiral gau honetan.
Adin txikiko lau gaztek sexu-erasoa egin diotela salatu du adingabe batek Barakaldon (Bizkaia), udalerri horretako Udalak jakinarazi duenez. Erasoa Carmengo trasteleku batean jazo da, ostiral gau honetan.
Neskak Udaltzaingoari deitu dio, eta bi udaltzain bertaratu direnean, biktima "zeharo hunkituta" aurkitu dute. Sexu-erasoa jasan duela jakinarazi die adingabeak, eta ustezko erasotzaileak adin txikiko lau gazte direla esan du.
Biktima ospitalera eraman dute, eta Ertzaintzak ikerketa abiatu du jazoeraren nondik norakoak argitzeko.
Alkatearen gaitzespena
"Erasotzaileak atxilotuak izatea eta Legeak behar bezala zigor ditzan" espero du Amaia del Campo Barakaldoko alkateak, Radio Euskadin eskainitako elkarrizketaren arabera. Del Campok bere "sumina eta gaitzespen osoa" erakutsi du adingabe batek salatutako sexu-erasoagatik. Dena dela, "zuhurtziaz aritzeko" eskatu du, dirudienez, ustezko erasotzaileak adin txikikoak ere direlako.
"Horrelako jarrera sexistak eta matxistak izaten direnean, egiteko asko geratzen zaigula ematen du, Barakaldon berdintasunaren alde lan handia egiten ari garen arren", gaineratu du alkateak.
Hori guztia, herritarrak deitu ditu datorren asteartean 18:00etan Barakaldoko Herriko Plazan izango den elkarretaratzearekin bat egitera, "argi eta garbi adierazteko horrelako jarrerak ez ditugula gure udalerrian onartuko".
Talde feministen protesta
Argitan Emakumeentzako Barakaldoko Aholku Etxeak jakitera eman duenez, kontzentrazioa deitu dute biharko, abenduaren 31rako, 12:00etan Herriko Plazan.
----------------------------------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.