Gertakizuna
Adineko bi pertsona hilda topatu dituzte Bilbon, indarkeria zantzuekin
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hain zuzen ere, Otxarkoaga auzoko etxebizitza batean topatu dituzte hilotzak. Lapurreta da hipotesi nagusia.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Adineko bi pertsona hilda topatu dituzte arratsalde honetan Bilboko etxebizitza batean. Hilotzek indarkeria zantzuak dituzte, ikerketaren iturriak aipatuta Europa Pressek jakinarazi duenez.
Hain zuzen ere, Otxarkoaga auzoko etxebizitza batean topatu dituzte gorpuak, Zizeruena kalean, 15:00etan, seme batek Ertzaintzari deitu ostean.
Biktimak 87 urteko senar-emazteak ziren, galiziar jatorrikoak, oso ezagunak auzoan.
Antza denez, etxebizitzan dena nahasita zegoen. Horrenbestez, lapurretaren hipotesia aztertzen ari dira.
Gorpuek, gainera, kolpeak dituzte buruan, eta etxebizitzan odol ugari atzeman dute, biktimen aurka oso bortitz egin duten erakusle.
18:50ean, hilotzak Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dituzte, autopsia egiteko.
Ertzaintzak bere gain hartu du ikerketa.
"Ozta-ozta zuten bizitzeko adina”
Auzokideen esanetan, hildakoek “ozta-ozta zuten bizitzeko adina”, pentsioa jasotzen zutelako euren denda itxi ostean. “Orain, baina, lau pezetaren truke kentzen dizute bizia”, deitoratu dute.
Auzokideak kexu dira, auzoaren egoera “gero eta kezkagarriagoa” baita. “Gero eta okerrago gaude, ez dago eskubiderik”, salatu dute.
Horien hitzetan, azken aldian hainbat lapurreta izan dira auzoan, batik bat beheko solairuetan dauden etxebizitzetan.
Aburtok "lasaitasuna" eskatu du
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak irmotasunez gaitzetsi du krimena. "Hiri honetan egindakoa ordaindu egiten da eta justiziaren aurrean erantzun beharko dute", azpimarratu du.
Udalaren bitarteko guztiak gertakaria argitzeko erabiliko dituztela agindu du, eta Ertzaintzak ikerketa amaitu bitartean, "lasaitasunerako" deia egin die herritarrei.
Ildo horretan, gogora ekarri du 'Segurtasunerako Ituna' ahalik eta azkarren adosteko eta abian jartzeko lanean ari direla Bilboko udaletxean.