Bilbo
Otxarkoagako hainbat taldek segurtasunik ezaren arazoa konpontzeko eskatu dute
Agentziak | Erredakzioa
Ostiral honetan, 20:00etan, elkarretaratzea egingo dute auzoan, ostegun honetako krimena gaitzesteko; adineko bi pertsona hilda topatu zituzten, euren etxean, indarkeria-zantzuekin.
Otxarkoagako Taldeen eta Elkarteen Koordinakundeak Bilboko auzo horretako bizilagunek pairatzen duten segurtasunik ezaren sentsazioaren arazoa konpontzeko eskatu die erakundeei. Halaber, elkarretaratzea deitu dute, ostiral honetako 20:00etarako, Kepa Enbeita Plazan, xede izanik gaitzestea ostegun honetako krimena; izan ere, adineko bi pertsona hilda topatu zituzten, euren etxean, indarkeria-zantzuekin.
Adineko emakumezko baten eta gizonezko baten gorpuak ostegun honetako 15:00ak aldera topatu zituzten Zizeruena kaleko etxebizitza batean, Otxarkoagan. Hilotzek indarkeria-zantzuak zituzten.
Agiri batean, Otxarkoagako Taldeen eta Elkarteen Koordinakundeak gertakaria salatu du, eta familiakoei eta lagunei doluminak agertu dizkie: "Aski da, Otxarkoagako bizilagunok nahi dugu erakundeek amaiera ematea auzoan egun dugun segurtasunik ezaren sentsazioari. Badakigu arazoa ez dela bakarrik Otxarkoagakoa, eta beste auzo batzuetan ere antzeko gertakariak ari direla pairatzen".
"Errepikatzen ari den" egoera
Ohartarazi dute ez dutela nahi "hitz ederrik, ezta promesik ere", eta nabarmendu ere nabarmendu dute irtenbideak nahi dituztela: "Tamalez, egoera hau errepikatzen ari da; Otxarkoaga auzo bizia da, atsegina eta solidarioa, eta ez dugu merezi hau bezalakorik gertatzea".
Azkenik, adierazi dute irtenbidea ez dagoela bizilagunen esku, "baizik eta erakundeen esku; izan ere, beharrezko neurriak hartu behar dituzte, horrelakorik berriro gertatu ez dadin".