Itxi

Bilbo

Kaleetan polizia gehiago egongo direla iragarri du Aburtok

Agentziak | Erredakzioa

Bilboko alkateak nahi du justiziak bere lana ondo betetzea Otxarkoagan adineko bi pertsonaren hiltzailearekin; horien gorpuak ostegunean topatu zituzten, indarkeria-zantzuak zituztela.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Otxarkoagako adineko bi pertsonak jasandako krimenaren biharamunean, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak ostiral honetan adierazi du bere egiten duela "herritarren kezka", eta nabarmendu ere nabarmendu du udal-taldeei aurkeztuko diela 'Bilboko segurtasunerako Ituna' izenekoa; 25 neurri daude itun horretan, eta neurri horien oinarriak dira prebentzioa eta kaleetan polizia-agente gehiago egotea. Aburtoren iritziz, Otxarkoagan gertatutakoa bezalako krimenak ez dira ohikoak Bilbon; alkatearen nahia da justiziak bere lana ondo betetzea, hiltzailearekin.

Bilbon komunikabideei egindako adierazpen batzuetan, alkateak deitoratu du ostegunean gertaturikoa, alegia, adineko emakumezko baten eta gizonezko baten hilotzak topatu izatea; indarkeria-zantzuak zituzten gorpuak, eta euren etxebizitzan topatu zituzten, Zizeruena kalean, Otxarkoaga auzoan.

Lasaitasun-mezua

"Otxarkoagan ostegunean izandako zoritxarreko gertaeren harira, herritarrei lasaitasun-mezua helarazi nahiko nieke; ez da erraza esaten ari naizena, baina Ertzaintzari utzi behar diogu ikerketarekin jarrai dezan, emaitzak izan ditzagun", eskatu du.

Halaber, esan duenez, desio bakarra duela, alkate bezala: "Ankerkeria honen egilea aurki dezatela, atxilo eraman dezatela, eta justiziak bere lana behar bezala egin dezala; egindakoa ordain dezala berak", galdegin du.

Aburtok "sakon" deitoratu du Otxarkoagan gertaturikoa, bai eta gerta litezkeen beste batzuk ere, baina argi utzi nahi izan du gauza bat: "Ez gaude besoak uztarturik, lanean ari gara; Bilbon, guztion artean, lortu behar dugu hori: nork egin, hark ordaindu", esan du.

Alkateak aseguratu duenez, bera buru duen Gobernua arduratu dago segurtasunaz; eta kezkatuta dago Udal Gobernua, aukera dagoelako jendeak pentsatzeko Otxarkoagakoa bezalako gertaerak ohikoak direla: "Horri, guztion artean, buelta eman behar diogu", adierazi du. Bilboko alkate gisa, konpromiso hori hartu du, egoerari buelta emateko konpromisoa, alegia, "errealitatea, hau bezalako unetan, tematia izan badaiteke ere". Aburtok konfiantza osoa agertu die Ertzaintzari eta Bilboko Udaltzaingoari.

Segurtasunerako ituna

Aburtok esan du ostegun goizean bertan helarazi ziela Udaleko taldeei deialdia, xede izanik ostiral honetan egingo den Bozeramaileen Batzorde baterako deitzea; Batzordean, "irailaren 15ean ere esan nuenez", alkateak aurkeztuko du itun bat, Bilboko segurtasunari buruzkoa; baina, bitartean, "gertaera tamalgarri hau jazo zen".

"Hau ez da ohikoa Bilbon, hori ere agerian utzi behar dugu, baina argi dago kezka dagoela, nik ere badut herritarrengandik datorkigun kezka hori", nabarmendu du. Beraz, "irailaren 15ean esan nuen segurtasunerako itun bat abiatuko genuela, eta gaur, lehen aldiz, 25 neurri zehatzen berri emango diegu talde politikoei; aztertuko ditugu, beste batzuk ere gehituko ditugu, eta, akordiorik ez badago, batzuk ere kendu egingo dira. Guztion artean, gure iritziz Bilbon oso garrantzitsua den gai honi helduko diogu”.

Aurreratu duenez, itun horretan agiri batekin lan egingo dute; agiri horrek hiru ardatz izango ditu: bata da politika prebentiboak abiatzea; bigarrena da arriskurik handiena duten gizarte-taldeekin batera heltzea gaiari (adibidez, emakumeekin, edo adineko lagunekin), eta Polizia gehiago gerturatzea auzoetara; eta hirugarrena da 25 neurri zehatzekin aritzea. Neurri horien berri emango die talde politikoei.

Aburtok konfiantza du, eta uste du talde politiko guztiek maila ematea, "segurtasuna ez bilakatzeko eztabaida politiko, baizik eta segurtasun-kontua premiaz eta zirt edo zart lantzeko". Aburtok berretsi du Udaltzaingoa erabateko konfiantza izateko modukoa dela, eta konpromisoa hartu du kaleetan udaltzain gehiago egon daitezen.

Alkateak parte hartuko du gaur arratsaldeko zortzietan Otxarkoagan egingo duten elkarretaratzean; bi adineko pertsonen aurkako krimena salatuko dute bertan. Esan duenez, auzoko komisariaren eta bertako bizilagun-elkarteen arteko harremana etengabekoa izan da, "baina hobetzeko arlorik egotekotan, egingo dugu, zalantzarik gabe".

Albisteak (4)

Bideoak (1)