Otxarkoagako hilketa
Otxarkoagako hilketarekin lotutako azken atxilotua Zumarragako zentrora eraman dute
eitb.eus
Hiru atxilotuetako bi adin txikikoentzako Zumarragako zentroan zeuden jadanik, eta hirugarrenak Deustuko ertzain-etxean igaro du gaua, Fiskaltzak asteartean haren atxiloaldia luzatu ostean.
Bilboko Otxarkoaga auzoan izandako hilketarekin lotuta atxilotu zuten 16 urteko hirugarren adingabea Zumarragako zentrora bidali dute gaur, ETBk jakin ahal izan duenez.
Hiru atxilotuetako bi adin txikikoentzako Zumarragako zentroan zeuden jadanik, eta hirugarrenak Deustuko ertzain-etxean igaro du gaua, Fiskaltzak atzo haren atxiloaldia luzatu ostean.
Hirugarren atxilotuak bere burua entregatu zuen Zabalburuko polizia-etxean. Antza denez, atxilotua biktimen etxebizitzatik gertu bizi zen eta ez du aurrekaririk.
Bigarren deklarazioa
Bizkaiko Adingabeen Fiskaltzak deklarazioa hartu die berriro Otxarkoagako (Bilbo) adineko senar-emazte batzuen krimenaren harira atxilotutako hiru adin txikikoetako biri, ikerketaren iturriek jakinarazi dutenez.
Lehena Ministerio Publikoaren esku jarri dute gaur goizean, Zumarragatik Bilbora eraman ondoren.
Hirugarren atxilotua, ostera, 11:20 aldera eraman dute Deustuko ertzain-etxetik Fiskaltzaren aurrera deklaratzen jarraitzeko. Ikerketa horren iturrien esanetan, hirugarren atxilotu horrek ez zuen zuzenean parte hartu hilketan, eta ez zen senar-emazteen etxebizitzan sartu, baina, ustez, egileen kolaboratzailea izan zen.
Igandean atxilotu zituzten 14 urteko mutilak Zumarragako (Gipuzkoa) zentrora eraman zituzten astelehenean, Adingabeen Fiskaltzaren aurrean deklaratu ostean. Gaur bi mutiko horietako batek Fiskaltzaren aurrean deklaratu du berriro.
Zizeruena kaleko krimena
Ostegunean topatu zituzten 87 urteko senar-emazteen hilotzak, 15:00ak aldera, Otxarkoagako euren etxean, Zizeruena kalean. Buruan eta aurpegian hainbat kolpe zituzten.
Etxea nahasita omen zegoen. Hori dela eta, hipotesi nagusia da indarkeriaz egindako lapurreta batean hil zituztela biak.
Ertzaintzak bere gain hartu zuen gertatutakoa argitzeko ardura, eta, ikerketa horren ondorioz, hiru adin txikiko atxilotu dituzte.