Cabacas auzia
Euskal kazetariek 'Gara'ren eta 'Naiz'en aurkako epaiketa salatu dute
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak kazetarien lana "kriminalizatzea" salatu dute.
Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak salatu egin dute Cabacas auziaren baitan Gara eta Naiz hedabideen aurka abiatutako prozesu judiziala, eta horrek “kazetariak kriminalizatzea” eta “adierazpen askatasunaren oinarriak urratzea” dakarrela ohartarazi du.
Asteazken honetan, Jone Goirizelaia, Cabacas familiaren abokatua; Iñaki Soto Gara-ko eta Naizeko zuzendaria eta Iñaki Iriondo kazetaria epaitu dituzte, Cabacas auziari buruz emandako informazio batzuengatik.
Horren harira, atzo publikatutako agiri batean, kazetarien elkarteak eta elkargoak “neurrigabe”tzat jo dute hedabideon aurka auzitara jo izana, “informatzeagatik”.
Gainera, auzi judizialak “hedabideen eta informazioaren profesionalen lana kriminalizatzea” dakarrela nabarmendu dute.
Horien esanetan, gainera, auziak “adierazpen askatasuna” urratzen du.
Hori dela eta, kazetarien aurkako auzia “geldiaraztea” eskatu dute, kazetaritzaren sektorean dagoeneko daudelako Kode Deontologikoa bermatzeko barne erakundeak.