Itxi

Adingabe transexualak

Ekai gogoratzeko elkarretaratzea egin dute Ondarroan ehunka lagunek

EiTB.EUS

Leer en Castellano

Udalak hiru eguneko dolua deitu du heriotza salatzeko, eta ostadar bandera jarri du masta erdian.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ehunka lagunek hartu dute parte larunbat arratsalde honetan Ondarroan, bere buruaz beste egin duen Ekai gazte transexuala gogoratzeko, Chrysallis Euskal Herria adingabe transexualen familien elkarteak deitutako elkarretaratzean.

Bilkura 17:00etan izan da, Musika Plazan,  eta orduerdi inguru iraun du. Kandela gorriekin bihotz bat osatu dute lurrean, eta  'Ekai, maite zaitugu' leloa zuen pankarta zabaldu dute. Bilkuraren amaieran, Aingeru Mayor Chrysallis elkarteko kideak agiria irakurri du.

Parte-hartzaileek ortzadar koloredun banderak eraman dituzte, eta  "neskato, mutiko eta gazte askori euren identitatea ukatzen zaiela" salatu dute antolatzaileek.

"Bihotza apurtuta" dutela adierazi dute Chrysallis Euskal Herria elkartekoek, eta "amorrua eta mina sentitzen" dutela azpimarratu dute. Halere, haur eta gazte transexualen eskubideen alde lanean jarraituko dutela hitz eman dute, "ez amorrutik, gure seme-alabei diegun amodiotik abiatuta baizik".

"Inork ezin dio Ekairi bizitza itzuli, baina aurrera jarraituko dugu Ekairengatik, Gurutzetako Ospitalean behar duten tratamendua jasotzeko oraindik zain diren neska mutilengatik, izen aldaketa ukatua izan duten neska mutilengatik, eta atzetik etorriko direnengatik" esan du Aingeru Mayorrek. "Borrokan jarraituko dugu gazte horiek denak babestuko dituen lege baten alde, eta aniztasuna ulertuko duen gizarte informatu baten alde" amaitu du.

Bilkura isila izan da, eta une hunkigarria bizi izan da amaieran, Ekairen gurasoak jendetzaren aurrean jarri direnean, transexualen bandera (arrosa eta urdina) eskuan hartuta, Mikel Laboaren 'Txoriak Txori' abestia entzuten zen bitartean.

'Galdutako borroka'

Elkarteak ohar bidez eman zuen atzo zorigaiztoko berria, eta "gizarte osoak galdutako borroka" dela azpimarratu zuen. Chrysallisen hitzetan, beharrezkoa da "aurrera" egitea "inoiz, inork, Anak eta Elaxarrek –Ekairen gurasoak– duten mina izan ez dezan".

Elkarketaren esanetan, asko dira adingabe transexualek eta euren familiek egunerokoan dituzte "borrokak": erregistroan izen-aldaketa lortzekoa, Gurutzetako Ospitalean nerabeok beharrezko duten hormona-tratamendua jasotzeko egin beharrekoa edota "aniztasuna ulertu eta onartzen duen gizarte informatu bat" osatzearena.

Hala, erakundeei eta alderdi politikoei ume eta nerabe horiek "babestuko dituen legea" egiteko deia egin die.

 

Hiru eguneko dolua

Ondarroako Udalak hiru eguneko dolua deitu du heriotza salatzeko, eta ostadar bandera jarri du masta erdian. Doluminak eman dizkie hildakoaren gurasoei, eta eskertu egin die "pertsona transen eskubideen alde egiten duten lana".

Albisteak (3)

Bideoak (2)