Elkarretaratzea
San Mameseko istiluak eta ertzainaren heriotza salatu dituzte Bilbon
EiTB.EUS
Ehunka pertsona bildu dira Udaletxeko eskaileratan. Juan Mari Aburto alkateak 'hausnarketa sakona egin eta neurriak hartzeko" eskatu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ehunka pertsona bildu dira gaur Bilbon bart Athleticen eta Moskuko Spartaken arteko partidaren atarian jazotako istiluak gaitzesteko eta bihotzekoak jota hil zen ertzainaren senide eta lagunei elkartasuna adierazteko.
Juan Mari Aburto alkatea buru zutela, Bilboko udalbatzako ordezkari politikoak, Ertzaintzako kideak eta Josu Urrutia Athleticeko presidentea eta herritar ugari bildu dira 13:00etan Udaletxeko eskaileratan.
Elkarretaratzea bukatzean, Aburtok hildako ertzainaren familiari elkartasuna erakutsi dio, baita Ertzaintzako lankideei eta Eusko Jaurlaritzari ere.
Aburtoren hitzetan, "ultra erradikalak, edonongoak eta edonola deitzen direla ere, futbolaren mundutik kanpo egon behar dira, baita gizartetik eta hiri honetatik kanpo ere. ez ditugu nahi, mespretxatzen ditugu". Gainera, "istiluok hiriaren irudia ezin dutela zikindu" esan du alkateak.
Bestalde, Josu urrutia Athleticeko presidenteak atzoko liskarrak gaitzetsi ditu; horietan, bederatzi lagun atxilotu zituzten, bost euskaldun eta lau errusiar. Gainera, Ertzaintzak armak konfiskatu zizkien Herri Norteko taldekideei.
Athleticeko presidenteak, berriz, "taldeak neurriak hartuko dituela" esan du, baldin eta liskarretan parte hartutako bazkideren bat harrapatzen badute.
Halaber, Urrutiak doluminak eman dizkio hildako ertzainaren familiari. "Guztion erantzukizuna da lurralde, hiri eta futbol giro hobeagoa lortzea, eta horretan ari gara erakundeen laguntzarekin", esan du.
Elkarretaratzearen amaieran, Aburtok eta Javier de Andres Espainiako Gobernuaren ordezkariak Euskadin, Ertzaintzako eta Udaltzaingoko agintariei eskua eman eta euren jokabidea eskertu diete, liskarren ondorioak larriagoak izatea saihestu baitzuten.
Elkarretaratzean honako hauek izan dira: Pedro Azpiazu, Jon Darpon eta Alfredo Retortillo sailburuak; Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia; Jose Maria Iruarrizaga diputatua eta Bilboko udaleko alderdi guztietako ordezkariak. Bertan ere, besteak beste, Andoni Ortuzar (EAJ), Idoia Mendia (PSE-EE), Lander Martinez (Podemos) eta Raquel Gonzalez (PP) izan dira.
UEFAk ere liskarrak gaitzetsi ditu
Bestalde, UEFAk ere atzoko liskarrak gaitzetsi ditu Nyonen (Suitza) Europako Ligako final-zortzirenetarako zozketa egin aurretik.
"Zozketarekin hasi aurretik, Bilbon atzo gertatutako liskar laidogarriak gaitzetsi behar ditugu", esan du Pedro Pinto UEFAko komunikazio zuzendariak.