Itxi

Feminismoaren erradiografia

Feminismoaren garaipenak eta etorkizuneko erronkak

Uxue Martin | eitb.eus

Leer en Castellano

Irantzu Varela eta Andrea Momoitio kazetari eta eragileek feminismoaren etorkizuneko erronkak azaldu dizkigute.

Argazkia: EFE

Mendez mende matxismoa izan da pentsamendu arrakastatsuena gizartean. Desberdintasunean, feminismoa sortu zen pertsona ororen eskubideak aldarrikatzeko. Ez da azken urtean sortutako mugimendua, gizonek emakumeak mendean hartzen dituztenetik existitzen baita. Antzinako Greziara bidaiatuta, Hiparkia filosofoa dago lehenengo feministen taldean.

Filosofo zinikoetako bat izan zen Hiparkia, Atenaseko kulturari uko egin ziona. Izan ere, emakumea baztertzen eta menperatzen zuen gizartea zen garai hartakoa, baina Hiparkiak ez zuen onartzen gizarte matxista, patriarkala eta misoginoa. Atenaseko bizitza publikoan ikusgarritasuna zuen, eta senararrekin (Krates Tebaskoa) batera, zinikoen bileretara joaten zen.

Bilera batean, Teodoro ateoari aurre egin zion, gizon horrek ez zituelako emakumeak onartzen filosofian. Teodorok, haserre, arropa kendu zion.

Horrelako jokabideak errepikatu egin dira Historian, gaur egunera arte, eta gizartearen etengabeko borroka berdintasuna lortzea izan da, esparru guztietan. Orain, feminismoa susperraldian dago, eta etorkizunari begira hainbat erronka ditu behin-betiko helburua betetzeko.

Irantzu Varela Faktoria Lilako kazetariaren eta Andrea Momoitio Pikara aldizkariko koordinatzailearen ustez, berdintasuna lortzea da feminismoaren erronka nagusia. Matxismoa gizartean errotuta dago oraindik; beraz, "iraultza kulturala" da Momoitiok berdintasuna lortzeko proposatu duen konponbide nagusia. Iraultza hezkuntzatik hasi beharko litzateke, horren ustez; izan ere, umeei feminismoa irakasten zaie, baina gizartean ez dute ikusten. "Esaten dena praktikara eraman behar da", Momoitioren hitzetan.

Matxismoaren bideak onartu egiten direla esan du Irantzu Varelak, gizarteak "barneratuago" duelako diskurtso matxista. Horren ustez, arrazismoa eta homofobia ez dira hainbeste onartzen, eta tankear horretako txisteak ere gaizki ikusita daude.

"Egungo gizartean gizona izatea zer den hausnartu behar dute gizonek. Gizontasuna desmuntatu behar dute. Euren lana da", aldarrikatu du.

Azken urtea "inflexio puntua" izan da, bi feminista horien iritzian. "Indarkeria matxistak emakumeak hiltzen ez dituenean eta bortxaketarik gabeko mundua lortzen dugunean izango da feminismoaren urtea", iritzi dio Varelak.

Momoitioren aburuz, "kezkagarria" da gizarteak historia ahaztu izana, XX. mendean ere feminismoak inflexio-puntua izan zuelako, abortu eta dibortzio eskubideak lortu zirenan. Ondoren, baina, borrokatzeari utzi zioten.

Horregatik, aurrera egiteko gomendioak eman ditu Momoitiok: "Unea oso ona da feminismoarentzat, baina ez da pentsatu behar horrekin nahikoa denik eta borrokatzeari utzi behar zaionik. Horrela aldapan behera joango ginateke berriz".

Erronka nagusiari aurre egiteko diskurtso finko bat eratzea proposatu du Varelak, feminismoa zer den argi uzteko. Hots, pertsona ororen berdintasunaren alde borrokatzen den mugimendua dela, antikapitalista, antiarrazista, antitransfoboa. Kutsu politikoa duen diskurtsoa eratzea da, horren iritziz, etorkizuneko erronka.

Bestalde, Momoitiok ez du uste azkenaldian feminismoa aldatu denik. Garaipenak izan dira, adibidez, Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Gobernuko Justizia ministro ohia dimisioa aurkeztera behartu izana abortuaren legea bertan behera uzteagatik. Lorpenak, baina, partzialak izan dira: "Lortu dugu soldata arrakala agenda mediatikoan sartzea, baina desberdintasuna ez da desagertu".

Momoitioren iritzian, lorpen garrantzitsuena feminismoa agenda mediatikoan sartzea izan da, ziberfeminismoari esker. Martxoaren 8ko greba feminista ere lorpena izan da. Gauzatu aurretik ere, "arrakastatsua" izan da, hedabideek aste bat baino gehiago eman dutelako horri buruz hitz egiten. “Nazioarteko mobilizazio historikoa” izango da, erantsi du.

Beste lorpen bat nabarmendu du: kulturan erreferenteak diren emakumeak 'armairutik atera' izana. "Orain ez die nazka ematen, ezta beldurrik ere, diskurtso feminista erabiltzea", esan du.

2017. urtea feminismoaren inflexio-puntua izateko garrantzi handia izan dute sare sozialek. Teknologia berriei esker, milaka pertsona Washingtonen batu dira Donald Trump AEBko presidentearen politiken aurka, sexu-jazarpena jasan duten emakumeek euren istorioak kontatu dituzte #MeToo etiketaren bidez, emakumearen askatasuna bultzatu egin da eta feminismoa agenda mediatikoan sartu da.

Albisteak (1)