Greba Feminista
Bilboko uholde morea, nazioarteko komunikabideetan
EITB.EUS
Euskal Herriko emakumeek egindako indar erakustaldiak mundu osoan izan du oihartzuna. Bilboko manifestazioaren irudiak The New York Times, BBC edo The Guardian bezalako komunikabideetan agertu dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
2018ko martxoaren 8a emakumeen borrokaren inflexio puntua bilakatuko dela gaur ez du inork zalantzan jartzen.
Greba feministak aurreikuspen guztiak hautsi zituen atzo, baita antolatzaileenak ere. Euskal Herriko Mugimendu Feministak aitortu du espero baino askoz jende gehiago bildu zela mobilizazioetan eta ziur agertu da atzokoa "mugarri" izango dela emakumeen borrokan.
Euskal Herriko hiriburuetan dozenaka mila emakume elkartu ziren, eguerdian eta gauean egindako manifestazioetan.
Bilbon 35.000-50.000 emakume atera ziren kalera goizean; Iruñean, 13.000; Gasteizen, 12.000; eta Donostian, 5.000tik gora. Gauean deitutako mobilizazioetan beste horrenbeste edo askoz gehiago izan ziren. Bilbon, esaterako, 60.000 lagun batu ziren.
Denen ahotan dabil. Emakumeek indar erakustaldia egin zuten atzokoan. Hunkigarria, arrakastatsua eta historikoa izan zen.
Horren erakusgarri izan daiteke, adibidez, Bilboko manifestazioaren irudiak The New York Times, BBC, The Guardian edo TeleSur bezalako komunikabide handietan agertu izana.
Euskal Herriko uholde morearen irudiak erabili dituzte Emakumeen Nazioarteko Egunari buruzko kronikak janzteko.
(Jendetza bildu zen Bilboko manifestazioan. Argazkia: EFE)